Euskara
Gaur egingo dute ‘Arnasa Gara’ kanpainaren lehen elkarrizketa
Antton Telleria irrati esatari, aurkezle eta umoregileari egingo diote elkarrizketa, eta ‘Euskara da gure postalik ederrena’ ikus-entzunezkoaren inguruan jardungo dute zuzenekoan.

Joan den astean aurkeztu zuten udalerri euskaldunetako eta euskararen arnasguneetako egoera zein den ezagutarazteko Arnasa Gara kanpaina. Uemak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak antolatu dute, eta Hiru Damatxo ekoiztetxeak egindako zortzi ikus-entzunezko izango dira kanpainaren ardatza. Astero bideo bat zabalduko dute, eta, pilula bakoitzean, udalerri euskaldunetan ohikoak diren zenbait testuinguru ikusi ahal izango dira. Ikus-entzunezko bakoitzean girotzen den testuinguruari buruz hitz egiteko, berriz, astero zuzeneko elkarrizketa bat egingo dute, eta gaur izango da lehena, 17:00etan, BERRIAren @berriaegunkaria Instagram profilean. Antton Telleria irrati esatari, aurkezle eta umoregileari egingo diote lehen elkarrizketa hori, eta Euskara da gure postalik ederrena ikus-entzunezkoaren inguruan jardungo dira.
Ainhoa Etxebarria eta Erika Olaizola aktoreak dira ikus-entzunezko horren protagonista. Euskal Herrira oporretara etorri diren bi kataluniar dira, eta taberna bateko terrazan ageri dira eserita, zerbitzariari euskaraz eskatzeko esaldiak ikasten: kafesne bat, mesedez, soja esnearekin, soja esneagaz... eta abar. Halako batean, zerbitzari bat heltzen da, eta gazteleraz galdetzen die ea zer behar duten. Bi protagonisten aurpegiek harridura adierazten dute, eta Euskal Herrian maiz gertatzen den testuinguru bat irudikatzen dute, bereziki herri edota hiri turistikoenetan gertatzen direlarik. Pilula hori ikusgai dago dagoeneko, eta Arnasagara.eus webgunean zein sare sozial ugaritan ikus daiteke jada.
Antton Telleriarena lehena izango da, baina datozen asteetan astero egingo dute elkarrizketa bat. Besteak beste, Aitziber Garmendiari, Eñaut Elorrietari, Ander Lipusi, Iratxe Urkiagari edota Sambou Diabyri egingo diete elkarrizketa, eta zuzeneko horietan guztietan aste horretan plazaratu duten testuinguru jakin baten inguruan hausnartuko dute. Horrela, euskararentzat arnasgune diren udalerrietako herritarrei aitortza egin nahi diete, hizkuntza ohituren inguruan izan ditzaketen pentsamenduaren inguruan gogoeta egitera gonbidatuz eta euskaraz hitz egiteko ahaldundu daitezen animatuz.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.