Honduras

Carlos Cerros ekintzailea hil dute tiroz Hondurasen

Lenca etniako indigenen ordezkaria eta ingurumenaren aldeko ekintzailea zen Cerros. Poliziak pertsona bat atxilotu du hilketarekin zerikusia duelakoan.

Ekintzaileen aurkako erasoak oiko bilakatu dira Hondurasen. Argazkian Berta Caceres ekitzailearen aldeko elkarretaratze bat. GUSTAVO AMADOR, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko martxoaren 24a
10:29
Entzun

Carlos Cerros 41 urteko ekintzailea astelehen gauean hil zuten, tiroz, ipar-mendebaldeko San Antonio hiriko bere etxean. Komunitate Batuak aholkulari taldeko burua zen Cerros, baita Lenca etniako indigenen ordezkaria ere, eta azken asteetan eskualdean eraiki asmo duten zentral hidroelektriko baten aurkako kanpaina bultzatzen ari zen. Poliziak pertsona bat atxilotu du azken orduetan, haren hilketarekin lotuta dagoelakoan, baina ez dute azalpen gehiagorik eman.

Ekintzaileen aurkako erasoak ohiko bilakatu dira Hondurasen. Iaz ingurumenaren defentsan lan egiten zuten hamalau pertsona hil zituzten. Horietako bat da Felix Vasquez, Lenca etniako indigenen ordezkaria bera ere. Vasquez iazko abenduan hil zuten, Santiago de Puringla herriko bere etxean zegoela familiarekin. Lekukoen arabera, aurpegia estalia zuten bi lagun sartu zitzaizkion etxera, eta tiro egin zioten.

Berta Caceres ekintzailearen hilketak jarri zituen nazioarteko komunikabideak Hondurasera begira. Caceres 2016ko martxoaren 2an hil zuten, La Esperanzan, Honduras mendebaldean, lo zegoela. Haren etxean zegoen Gustavo Castro ekintzaile mexikarra ere hiltzen ahalegindu ziren erasotzaileak. Hilketaz akusatutako zazpi gizonezkoei 30 eta 50 urte arteko espetxe zigorrak ezarri zizkieten.

Ekintzaile ezaguna zen Caceres. Copinh Hondurasko Elkarte Herrikoi eta Indigenen Kontseilu Zibikoko koordinatzaile nagusia zen, eta lenca komunitateko eta nekazari mugimenduetako burua. 2015ean, Goldman ingurumen saria eman zioten. Caceresek berak lenca komunitate indigenako buru ugariren hilketak salatu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.