Zinema

Zinema ziklo batek emango dio hasiera Saison Quebec-Pays Basque egitasmoari

Joan-etorriko proiektu honen helburua da euskal kultura eta sorkuntza garaikideari Quebecen leiho bat irekitzea eta, era berean, Quebeceko sortzaileen lana Euskal Herrian erakustea.

'Pour la suite du monde' filmarekin hasiko da zikloa. BERRIA
mikel lizarralde
2021eko martxoaren 24a
14:24
Entzun

Etxepare Euskal Institutuak eta Quebeceko Kultura eta Komunikazio Ministerioak iaz gauzatu nahi zuten Saison Quebec-Pays Basque egitasmoa, baina, COVID-19ak eragindako egoerak baldintzatuta, atzeratzea erabaki zuten, eta aurten eta hurrengo urtean egingo da azkenean. Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak gaur egindako agerraldian azpimarratu du bi aldeek egitasmoa aurrera eramateko konpromisoari eutsi diotela.

Saison Quebec-Pays Basque proiektuak diziplina askotako eskaintza aurreikusten du datozen hilabeteetarako, betiere sorkuntza garaikidea eta hizkuntza ardatz hartuta. Hala, Euskal Herrian eta Quebecen antolatuko dituzte ekitaldiak eta programak, eta bateko zein besteko artista eta sortzaileen arteko lankidetza ere sustatuko dute. Izan ere, 30etik gora dira elkarlanean ari diren euskal eta quebectar eragileak. Gainera, datozen hilabeteetan Quebeceko jaialdi, programazio eta kulturguneetan euskal literatura, arte eszenikoak, musika eta zinema erakutsiko dituzten «leihoak» irekiko dituzte, eta kongresu akademiko bat ere egingo dute Laval Unibertsitatean.

Proiektu horiek gauzatzeko, Etxeparek hainbat euskal elkarte eta eragileren lankidetza izan du: EIZIE, Mintzola, Bertsozale Elkartea, Azkuna zentroa, Euskal PEN Kluba, Euskal Kultur Erakundea, Dantzagunea, Dantzaz konpainia, Tabakalera, Euskadiko Filmategia, Musikagileak elkartea, Bitamine Faktoria; eta baita Quebeceko jaialdi eta erakusleihoetan arituko diren sortzaile eta konpainiak ere.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak adierazi duenez, programa honi esker, «euskal kultura ikusgai egongo da Quebecen, eta gure herria eta kultura herrialde kreatibo gisa proiektatzeko aukera izango dugu». Era berean, euskal eta quebectar kultur eragileen arteko harremana eta ezagutza estutzeko balioko du egitasmoak, Zupiriaren ustez, «programaren barruan egingo diren egitasmoak elkarlan proiektuak baitira».

Quebeceko zinema zikloa Euskadiko Filmategian

Saison Quebec-Pays Basque egitasmoaren lehenengo mugarria Euskadiko Filmategiak Cinematheque Quebecoisen laguntzarekin antolatu duen Quebeceko zinema zikloa izango da. Ziklo horrek Quebeceko zinema ekoizpen garaikidea izango du ardatz nagusi, eta hiru hilabetez luzatuko da, Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan; apirilaren 3tik ekainaren 26ra arte, hain zuzen ere. Pour la suite du monde (Pierre Perrault, Michel Brault, 1963) Quebeceko zinema modernoaren oinarritzat jotzen den filmarekin hasiko da programazioa, eta Anne Claire Poirierrek zuzendutako De mère en fille (1968) izango da emango duten bigarren filma. Quebecen film luze bat zuzendu zuen lehen emakumea izan zen Poirier.

Zikloa osatuko duten filmen artean daude, halaber, Le déclin de l'empire américan (1986) Denys Arcanden zinemagilearen film ospetsuena; Vic + Flo ont vu un ours thrillerra (Denis Cote, 2013), Ville Neuve animaziozko filma (Felix Dufour-Laperriere, 2018), L.A. Tea Time zinema independentearen ordezkaria (Sophie Bedard Marcotte, 2019), Kuessipan (Myriam Verreault, 2019) eta Jeune Juliette (Anne Emond, 2019).

Zinema ziklo horren osagarri, eta osasun egoerak baimentzen badu, irailean euskal zinema zikloa egingo dute Cinematheque Quebecoisen. Bertan emango dituzte Tasio (Montxo Armendariz, 1984), Vacas (Julio Medem, 1992), Ander (Roberto Caston, 2009), Amama (Asier Altuna, 2015), Un otoño sin Berlín (Lara Izagirre, 2015), Irrintziaren oihartzunak (Iratxe Fresneda, 2016), Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi, 2017), Dantza (Telmo Esnal, 2018), Oreina (Koldo Almandoz, 2018), Black is Beltza (Fermin Muguruza, 2018), Hil Kanpaiak (Imanol Rayo, 2020) eta Erlauntza (Mireia Gabilondo, 2020).

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.