Katalunia

Aragones inbestidura saiora aurkeztuko da, oraingoz nahikoa babes ez duen arren

JxCk adierazi du «ziur aski» ez dela akordiorik egongo ordurako. CUPek gaur bozkatuko du ERCrekin adostutako aurreakordioaren inguruan, aldeko eta kontrako indarrak daudela.

Laura Borras, ERCko kideekin, gaur goizean. QUIQUE GARCIA / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 24a
16:23
Entzun

Talde parlamentarioekin egindako bilera sorta amaituta, Kataluniako Parlamentuko presidente Laura Borrasek ofizial egin du: ERCko zerrendaburu Pere Aragones saiatuko da ostiraleko inbestidura saioan Generalitateko presidente kargua eskuratzen. Helburua hurbil izan beharrean, baina, badirudi gero eta urrunago duela jarduneko presidenteordeak. JxCk adierazi du bi alderdien arteko akordioa, «ziur aski», ez dela ostirala baino lehen iritsiko. Horrez gain, CUPekin lortutako aurreakordioa ere kolokan dago, ezkerreko alderdia osatzen duten hainbat ildok haren aurka bozkatzeko eskatu ostean. Horiek bihar emango dute bozketaren emaitza. 

Aragonesek ostiraleko 10:00etan hartuko du hitza, parlamentuaren gehiengoaren babesa lortzeko asmoz. Nekez izango ditu, baina, beharrezko 68 botoak. JxCko eledun Gemma Geisek atzo alderdiko idazkari nagusi Jordi Sanchezek esanikoa berretsi du gaur; Aragones presidente izango duen gobernu «egonkor eta sendo bat» nahi dute. Hura lortzeko akordioak, ordea, ez du egunik finkaturik: «Datozen egun edo asteetan etor daiteke». Hala, azaldu du ez duela ostiralerako «itxaropen faltsurik» sortu nahi.

Esquerraren arabera, baina, bi alderdien arteko desadostasunak ez dira «gaindiezinak», eta akordioa lehenago ere lor daiteke. «Erlojuaren aurka lan egingo dugu», adierazi du ERCko parlamentari Marta Vilaltak. Izan ere, Borras parlamentuko presidentetzara eraman zuen akordioa ere azken unean adostu zuten bi aldeek. Hala, alderdi hark gobernuaren osaerarako proposamena aurkeztuko dio gaur JxCri, hori baita ixteko duten puntuetako bat. 

Carles Puigdemonten alderdiaren kezka nagusia, baina: presidente ohiak zuzendutako Errepublikaren Kontseiluak zer rol izango duen. Haiek hura mantendu nahi dute, eta ERCk eta CUPek «zuzendaritza estrategikorako mahai bat» eratu, kontseilua barruan izango lukeena. Halere, Esquerrak atzera egin dezake, JxC hura «birformulatzearen» alde azaltzen bada. Hala utzi du agerian Vilaltak, betiere, «elkartze eta adostasun estrategikorako espazio hori batzeko baldintzak sortzen baditu». 

Gauza bera gertatzen da ERCk Espainiako Gobernuarekin hasitako elkarrizketa mahaiarekin. CUPekin eginiko akordioaren arabera, alderdiak 2023ra arte izango du negoziazioen fruituak jasotzeko, «erasoaldi demokratiko berri bat» hasi baino lehen. JxCrentzat, baina, gehiegizko denbora tartea da hori. Besteak beste, Kataluniako presidente ohi Quim Torrak kritikatu die eurek ere jakitea eredu horrek ez duela funtzionatuko: «Ez dut elkarrizketa mahaian sinesten».

Aurreakordioa ere zalantzan

Eginda zirudien akordioa ere zaildu daiteke. CUPeko hainbat ildok —11 dira denera— gaur alderdia egitekoa den galdeketaren inguruko iritziak eman dituzte. Aurreakordio proposamenari babesa ematen diozu? galderari Ez erantzuteko deia egin dute Endavantek eta Lluita Internacionalistak; baietzaren alde, berriz, Poble Lliurek eta Guanyemek. Endavantek alderdiko negoziazio taldearen lana txalotu du, ERC, besteak beste, energia sare publikoaz eta foam jaurtigaien debekuaz hitz egitera «behartzeagatik», baina gaitzetsi du ez dela ageri «ez zehaztasunik, ez konpromiso sendorik» hamasei orrialdeko akordioan. Alderdiko beste ildo nagusiak, Peoble Lluirek ere azaldu du sinatutakoa ez dela «nahikoa», baina aurrera egiteko beharra azpimarratu du.

Ezezkoak gailenduko balitz ere, Aragonesek beste aukera bat izango luke CUPeko parlamentarien babesa eskuratzeko. Izan ere, beste bi galdera egingo dituzte. Baiezkoaren aldeko gehiengo bat ateraz gero, uste duzu akordioa nahikoa dela?, galdetuko du batek; Ezezkoaren aldeko gehiengo bat ateraz gero, uste duzu CUPek berdin erraztu beharko lukeela ERCren inbestidura?, itaunduko du, berriz, besteak. Azken horren aldeko apustuak Aragones presidente bilakatzea erraztuko luke, baina bertan behera utziko lituzke gainerako puntu guztiak. Emaitzak bihar jakinaraziko ditu alderdiak.

Gauzak hala, ostiraleko saiakerak huts egiten badu, Aragonesek bigarren aukera bat izango du, gutxienez, 48 ordu igaro ostean. Ziurrenik, datorren aste hasieran egingo litzateke, eta gehiengo soila eskuratzea nahikoa litzateke. Halere, alderdi unionistek haren aurka bozkatuz gero, berdin beharko luke CUPen eta JxCren babesa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.