Kutsatzeak apur bat apaldu dira, baina erietxeetan egoerak okerrera egin du

Nafarroan, 69 urteko gizonezko bat zendu da azken orduetan.

COVID-19a detektatzeko baheketa Lazkaon (Gipuzkoa). JON URBE - FOKU
gotzon hermosilla
2021eko martxoaren 27a
16:33
Entzun

Azken orduetan COVID-19aren izurriak atseden apur bat eman du, eta kutsatze kopuruak pixka bat apaldu egin dira Hego Euskal Herriko herrialde ia guztietan. Zoritxarrez, apaltze horrek ez du islarik izan erietxeetan, eta berriro ere handitu da gaixotasunaren ondorioz ospitaleratu behar izan dituztenen zenbatekoa.

Joan den ostegunean, positiboen kopuruak goia jo zuen Hego Euskal Herrian, eta 800 kasuren langa gainditu zuen; zehazki, 809 positibo zenbatu zituzten, eta hori daturik okerrena da joan den otsailaren 10etik. Ostiralean, berriz, behera egin zuen kutsatuen kopuruak, eta 747 positibo atzeman zituzten.

Horietatik, 108 Araban detektatu zituzten, aurreko egunean baino lau gutxiago; Bizkaian, 283 positibo zenbat zituzten, bezperan baino hamar gutxiago; Gipuzkoan ez da aldaketarik izan eta ostiralean 199 positibo atzeman zituzten, bezperan beste; eta Nafarroan izan da apaltzerik esanguratsuena, 155 positibo detektatu baitzituzten, aurreko egunean baino 50 gutxiago. Horiei gehitu behar zaizkie Osakidetzak atzemandako beste bi positibo, hiru herrialdeetatik kanpo bizi diren gaixoei dagozkienak.

Positiboen kopuruaren apaltze hori gertatu da proba kopurua handitu den arren. Izan ere, ostiralean 12.852 proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, PCR probak zein antigeno testak kontuan hartuta, eta bezperan 12.446 izan ziren, hots, 406 proba gehiago egin zituzten ostiralean.

Ospitaleetan, aldiz, egoerak okerrera egin du, eta 76 gaixo ospitaleratu zituzten COVID-19aren sintomak zituztela, hau da, bezperan baino 33 gehiago. ZIU Zainketa Intentsiboetako Unitateetan dauden gaixoen kopuruak ere gora egin du, modu apalagoan izan bada ere: orotara, 107 dira, bezperan baino hiru gehiago.

Nafarroako Osasunbideak jakinarazi duenez, 69 urteko gizonezko bat hil da azken orduetan COVID-19aren ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.