Myanmar

Myanmarko poliziek 114 manifestari hil dituzte egun bakarrean

Militarrek ehun manifestari baino gehiago hil dituzte gaur, eta otsaileko estatuko kolpetik 400dik gora heriotza zenbatu dituzte. Junta militarraren aurkako zigor ekonomikoak ezarri dituzte AEBek, EBk eta Erresuma Batuak.

Manifestari talde bat, Rangunen, gaur. STRINGER / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 27a
19:04
Entzun

Myanmarko junta militarreko buru Min Aung Hlaing Armadaren Eguneko desfilean zen bitartean, «estatu kolpea jo zutenetik izaniko egunik odoltsuena» bizi zuen atzo herrialdeak, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera. Manifestarien aurkako errepresioa izan zen nagusi, eta gutxienez 114 lagun hil zituen Poliziak, Myanmar Now hedabidearen arabera. Hala, CRPH Batasunaren Biltzarreko Ordezkarien Batzordeak, euren kargua galdu zuten hautetsiek osatuak, «lotsaren egun» bezala bataiatu du atzokoa.

Irrati eta telebista publikoetatik mezu garbi bat plazaratu zuen junta militarrak ostiralean. Kalera ez ateratzeko deia egin zien herritarrei, bestela «buruan edo bizkarrean tiro bat» jasotzeko arriskua zutela argudiatuta. Eta hala izan zen. Herrialde osoko 44 herri eta hiritan hil zuten manifestariren bat poliziek, gehienak tiroz. Heriotza kopuru handienak Rangun eta Mandalay hirietan, herrialdeko bi handienetan, zenbatu dituzte: lehenengoan, 27 hildako; eta, bigarrenean, 40. Hala, 400dik gora heriotza zenbatu dituzte, otsailaren 1eko kolpetik. Hildakoen artean, «emakumeak, gazteak eta haurrak» ere badaude, NBEko mandatari berezi Christine Schranerren esanetan. Erakunde hark «izua» adierazi du, «alferrikako bizi galerengatik».

Schranerrek «nazioarteko erantzun sendo eta batu baten» beharra nabarmendu du, «demokratikoki aukeratutako gobernua berrezartzeko». Hori da azken bi hilabeteetan kalera atera diren manifestariek eskatu dutena, atxilotutako 3.000 kideen askatasunarekin batera. Horien artean daude gobernu zibileko hainbat kide, besteak beste, Aung San Suu Kyi liderra.

Eskaerekin bat egin du EB Europako Batasunak ere. «Myanmarko Indar Armatuen Egunaren 76. urteurrena terrorearen eta desohorearen egun gisa gogoratuko da», azaldu du erakundeak herrialdean duen delegazioak. Hark aste hasieran ezarri zituen junta militarrarekin lotutako 11 herritarren aurkako zigor ekonomikoak, eta gauza bera egin dute egunotan AEBek eta Erresuma Batuak, aginte militarraren esku dauden hainbat enpresa zigortuta, «zibilen aurkako errepresio kanpainetarako erabilitako finantza iturriak ixteko helburuarekin».

Aung San Suu Kyiren NLD Demokraziarako Liga Nazionala alderdiko hautetsiek, CRPHn bilduak, emaniko pausoa eskertu die herrialde horiei. NBEk herrialdean duen kontalari berezi Tom Andrewsen esanetan, baina, horiek ez dira nahikoa: «Nazioarteko erantzuna ez dago krisi gero eta sakonago bat eragozteko beharrezkoak diren neurrien mailan».

Kritiken aurrean, junta militarraren helburua «demokrazia defendatzea» dela adierazi du Min Aung Hlaingek, eta gehitu hauteskundeetara dei egingo duela. Ez du, ordea, horretarako datarik jarri. Azken asteetan, junta militarra hainbat alderdi politikorekin bildu dela ere argitaratu dute herrialdeko hedabideek, baina horien artean ez litzateke NLD egongo.

«Engainaturik»

Protestei dagokionez, militarrek adierazi dute gazteak «atzerriko indarrek engainaturik» ateratzen direla kaleetara, «bideojoko bat» izango balitz bezala: «Ondorioak atera beharko lituzkete aurrez gertatutako heriotzetatik. Arriskuan egon daitezke».

Junta militarrak nazioarteko babesa ere badu. Myanmarko afera NBEren Segurtasun Kontseilura iritsi den bi kasuetan, esku hartzearen aurkako botoa eman dute Txinak eta Errusiak. Bi estatu horietako ordezkariak Naypyidaw hiriburuan eginiko desfilean egon ziren atzo, besteak beste, Indiako, Pakistango, Vietnamgo eta Thailandiakoekin batera.

Herrialdeko parlamentariak euren karguak hartzera zihoazen unean, militarrek Konstituzioaren 417. artikulua baliatu zuten estatu kolpea emateko; eurek idatzia da, 2008an. Haren arabera, armadak botere politikoa bere gain hartzeko eskubidea du, «Myanmarren batasuna» arriskuan badago. Hala, azaroko hauteskundeetan iruzurra egon izana argudiatu zuten horretarako. Orduan, botoen %80 baino gehiago eskuratu zuen NLDk, bost urte lehenago lortutako garaipena berretsita.

Alderdiak akusazio oro ukatu du, eta frogak aurkezteko eskatu dio juntari. Izan ere, CRPHren arabera, Estatu kolpearen arrazoia Aung San Suu Kyi boterera itzultzea eragoztea da. Hala, NLDko buruaren aurkako lau akusazio jaurti dituzte: ustelkeria, inportazio eta esportazio legeak urratzea, istiluetara bultzatzea eta hauteskunde kanpainan koronabirusaren aurkako araudia haustea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.