BC3k trantsizio energetikoaren eta ekintza klimatikoaren behatokia aurkeztu du

Behatokiak datu base zabal bat du, zeinak klimaren, ingurumenaren, energiaren, ekonomiaren eta gizarteko hainbat aldagairen inguruko datuak urtez urte eta grafiko bidez eskaintzen dituen.

Parte hartzaileak, gaur goizean telematikoki egin duten saioan. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2021eko martxoaren 29a
13:05
Entzun

BC3k (Basque Centre for Climate Change) Otea aurkeztu du, trantsizio energetikoaren eta ekintza klimatikoaren behatokia. Gaur goizean telematikoki egindako aurkezpenean izan dira, besteak beste, Teresa Ribera Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako ministroa, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Mikel Gonzalez Egino BC3ko ikerlaria. Behatoki horren bidez, herritarrek eskura izango dute klimaren, ingurumenaren, energiaren, ekonomiaren eta gizarteko hainbat aldagairen inguruko datu base bat, datuak urtez urte eta grafiko bidez ematen dituena.

Parte hartzaileek behatokiaren zeharkakotasuna azpimarratu dute; izan ere, behatokiak kontuan izango ditu, esaterako, arrakala digitala eta genero ikuspegia. Hezkuntza Sailaren hitzetan, ekinbide berriak informazio «fidagarria, eguneratua eta eskuratzen erraza dena» eskainiko die herritarrei, trantsizio energetikoaren «jarraipen zehatzagoa» egitea ahalbidetuz.

Behatokia aurkeztearekin batera, iazko sei mugarrien berri ere eman du Gonzalez Eginok. Alor honetan ere ezin zen bestela izan, eta pandemia izan da egoera baldintzatu duena. Azaldu du nola mugikortasun mugen ondorioz, «jaitsiera historikoa» izan duten berotegi efektua eragiten duten gasen igorpenek: Espainian %13,6 jaitsi dira, aurreko urteko kopuruarekin alderatuta. Eman dituen datuen arabera, jaitsieraren %70 pandemiaren eraginez izan da, eta %30 beste faktore batzuengatik, tartean, zazpi ikatz zentral ixteagatik. Gainera, azaldu duenez, urte batetik bestera energia berriztagarrien kuotan egon den igoerarik handiena izan zen iazkoa. Ibilgailu elektrikoek ere «mantentzea» lortu dutela nabarmendu du, haien matrikulazioak %27ko igoera izan baitzuen. Baina dena ez da positiboa izan pobrezia energetikoaren alorrean; esaterako, iruditzen zaio hobekuntza ez dela «pozik egoteko modukoa» izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.