Parisko Auzitegiak Servier laborategia zigortu du, nahi gabeko hilketagatik eta engainu larriagatik

2.718 millioi euroko isuna ezarri diote laborategiari Mediator sendagaiak eragindako efektuengatik. Biktimei, gainera, 180 millioi euroko kalte ordaina eman beharko die.

Irene Frachon pneumologoak eman zuen Mediatoraren arriskuen berri. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko martxoaren 29a
17:03
Entzun

Gosea kentzeko sendagaitzat zuten Servier laborategiaren Mediator sendagaia. 1976an hasi ziren sendagaia saltzen Frantzian eta Ipar Euskal Herrian; berez, diabetesa zuten pazienteentzat. Alta, anitz hedatu zen erabilera, eta herritar anitzek gosea kentzeko erremedio gisa erabili zuten. 2009an kendu zuten merkatutik, baina, ordura arte, 5 milioi pertsonak erabili zuten, gutxienez. Espainian eta Hego Euskal Herrian, 2003an kendu zuten merkatutik Modulator izeneko sendagaia. Parisko Auzitegi Korrekzionalak eraman du auzia, eta, 18 hilabete pasatu ondoan, gaur eman du emaitza: Servier laborategiak 2.718 miloi euroko isuna ordaindu beharko du, nahi gabeko hilketagatik eta engainu larriagatik. Gainera, biktimei 180 milioi euroko kalte ordaina eman beharko die. 2.000 jenderen heriotza lotu dute Mediatoraren erabilerarekin. Beste erabiltzaile anitzi bihotzeko balbulen kalteak eragin dizkie, eta biriketako arterietako hipertentsioak. Auzitegiak ebatzi du laborategiak nahitara gorde dituela sendagaiaren nahi gabeko ondorioak.

Parisko Auzitegi Korrekzionalak, bestalde, Jean Philippe Seta laborategiko nagusietako bat zigortu du; 2014an zendu zen Jacques Servier laborategiko zuzendaria, eta harekin batera egiten zuen lan. Setari lau urteko espetxe zigorra ezarri diote, gibelapenarekin; 90.600 euroko isuna ordaindu beharko du, eta biktimei milioika euroko kalte ordaina eman beharko die.

Sendagaien Segurtasunerako Frantziako Agentzia ere zigortu dute, Mediator sendagaia komertziotik goizago ez kentzeagatik: 225.000 euroko isuna nahi gabeko hilketagatik, eta 78.000 euroko isuna arau hausteengatik. Sendagaiaren kontrola huts egin izana egotzi diote Agentziari. Espainian, 2003. urtean kendu zuten sendagaia komertziotik; Modulator izenpean zegoen salgai. Servier laborategiak berak erabaki zuen kentzea, «errentagarritasun» arazoengatik. Urte berean, balbulopatia kasu bat agertu zen Espainian, Modulator sendagaia erabiltzen zuen paziente batengan.

Parisko Auzitegi Korrekzionalean, 517 ordu iraun du auziak orotara, hamar urteko ikerketaren ondotik. Frantziako osasungintzan izan den eskandalu nagusitzat daukate Mediator sendagaiaren ingurukoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.