Zaldibian izandako kasu gorakadak kezka piztu du

Azken sei egunetan 58 positibo atzeman dituzte herrian, eta azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko tasa metatua 3.769 kasukoa da.

PCR probak Ordiziako (Gipuzkoa) herritarren artean, iazko uztailean. JAVIER ETXEZARRETA/ EFE
Edurne Begiristain.
2021eko martxoaren 29a
19:11
Entzun

Azken egunotan Zaldibian (Gipuzkoa) gora egin dute nabarmen COVID-19aren probetan positibo eman dutenek. Zehazki, azken sei egunetan 58 positibo atzeman dituzte, eta 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 3.679koa da orain. Ostiraleko proba diagnostikoetan 11 kasu atzeman zituzten; larunbatean, 23; eta atzo, beste zortzi. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan intzidentziarik handiena duen udalerria da Zaldibia, eta udalak egoerarekiko kezka agertu du ohar batean. «Gure artean dagoen koronabirus aldaera hau oso azkar hedatzen dela erakutsi digu egun gutxitako bat-bateko gorakadak». Udalak herritarrei eskatu die prebentzio neurriak indartzeko, eta sintomei adi egoteko, datozen egunetan transmisioa eten ahal izateko. «Hain azkar hedatzen ari den olatua gelditzeko», behar-beharrezkotzat jo du herritarren kolaborazioa, eta sintomarik sumatuz gero ohiko arreta telefonoetara deitzeko eskatu die herritarrei: Ordiziako osasun zentrora (943-00 76 35) edo arreta telefonora (900-20 30 50).

Udalak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila herriko egoeraren bilakaera aztertzen ari dela baina oraingoz ez duela neurri berezirik proposatu herrirako. Hala ere, gogoratu du intzidentzia handiko herria izanik perimetralki itxita dagoela gaurtik, eta udalak bertan behera utzi dituela datozen hamabost egunetarako programatuta zeuden ekintzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.