Koronabirusa

OMEk adierazi du ezin daitekeela ziurtatu Wuhango merkatua COVID-19aren jatorria denik

Ikertzaile taldeak azaldu du hasierako zenbait kasuk ez zutela zerikusirik merkatuarekin. Ondorioztatu dute birusa laborategian sortu zela dioen hipotesia gertagaitzena dela, baina ez dute baztertu azterketa gehigarriak egitea.

Erizain bat PCR proba bat egiten, Txinan. MIGUEL CANDELA/EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko martxoaren 30a
16:27
Entzun

Txinan COVID-19aren lehen kasuak azaldu eta urtebete pasatxora, OMEko ikertzaileek adierazi dute ez dagoela froga nahikorik Wuhan, Huanango merkatua hain zehazki, horren sorburua dela adierazteko. Azaldu dute hasieran atzemandako zenbait kasuk ez zutela harremanik Huanango merkatuko jardunarekin, eta berriki jakin dute eremu horretan birusa nahiko zabalduta bazegoen ere ez zuela harremanik merkatuarekin. Are gehiago, azaldu dute nazioarteko zenbait ikerketak ondorioztatu dutela Wuhango lehen kasua atzeman aurretik ere beste herrialde batzuetan jada bazegoela birusa. Informazio horrek «iradoki dezake merkatua ez zela lehen agerraldiaren sorlekua», taldearen arabera, eta hori horrela balitz, aurrekari horiek aztertzearen garrantzia azpimarratu du.

Birusaren jatorria ez da ziurra, eta hori baieztatu du OMEko aditu taldeak. Berretsi du ez daudela behar beste froga Huanan sorburutzat jotzeko, baina ez dute guztiz baztertu hipotesi hori.  «Oraintxe bertan ezin dira ondorio adierazgarriak atera Huanango merkatuak agerraldiaren sorreran izan zuen rolaz, edota gaixotasuna hara heltzeko moduaz», adierazi dute kaleratu berri duten txosten batean. Dena den, taldeak uste du Txinara heldu orduko beste herrialde batzuetan jada birusa bazegoela dioten hipotesiek «kontuan hartu gabeko transmisioa» adierazi dezaketela. Hain zuzen ere, ikerketa horrek bat egin du Txinako Gobernuak zabaldutako bertsioarekin, Pekinek beti defendatu izan baitu birusa ez zela Wuhanen sortu; beste leku batetik heldu zela, alegia.

Laborategiko hipotesia, «oso gertagaitza»

Sorlekua oraindik argitzeke badago ere, OMEren arabera litekeena da saguzarretatik gizakiengana transmititzeko orduan beste animalia espezie bat izatea bitartekaria. Era berean, adierazi dute «oso gertagaitza» dela birusaren jatorria laborategi bateko istripu batean egotea, hasierako zenbait hipotesik adierazi bezala. Dena den, hipotesiaren probabilitatea txikia bada ere, Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko zuzendariak salatu du Wuhango laborategiei buruz egindako ikerketak ez zirela «oso zabalak» izan, eta ez du baztertu ikerketak berriz hastea: «Ez dut uste azterketa behar besteko zabala denik. Datu eta ikerketa gehiago behar dira ondorio pisutsuagoak lortzeko. Ikerketa taldeak ondorioztatu du hipotesi hori dela gertagaitzena, baina gehiago ikertu behar dugu, eta prest nago aditu espezializatuen misio gehigarriak martxan jartzeko.».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.