Klima larrialdia

Inoiz baino goizago loratu dira gereziondoak Japonian aurten 812. urtetik

Kyoton duela 1.200 urte hasi ziren loraldien inguruko datuak jasotzen. Horri esker jakin dute 1800. urtetik hona ia hiru aste aurreratu dela fenomenoa, eta planetaren berotzearen ondorioa dela uste dute zientzialariek.

Arraunlariak, Tokyon, loraturiko gereziondoen artean, gaur. KIMIMASA MAYAMA / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko martxoaren 30a
17:21
Entzun

Sakura esaten diete gereziondoen loreei eta loraturiko gereziondoei Japonian, eta instituzio bat dira han. Udaberriaren etorrera markatzen du loraldiak, eta jaialdiak antolatzen dira herrialdean urtero, tokian tokiko sakura-rekin bat eginda. Japoniako albistegietan, egunez egun ematen dute informazioa, jakiteko noiz loratuko diren zuhaitzok eskualdez eskualde, Euskal Herrian eguraldia iragartzen den bezala. Natura gurtzen duen kultura batean halako garrantzia edukita, Japonian loraldiak zer egunetan gertatu diren jasota daukate, mendez mende. Datu horiek informazio baliagarria ematen dute klimaren inguruan, eta, horietan oinarrituta, planetan gertatzen ari den berotzea agerian utzi dute, beste behin ere.

Duela 1.200 urte hasi ziren jasotzen gereziondoen loraldiaren datua, eta, ikusi dutenez, inoiz baino goizago loratu dira aurten.

Osakako Unibertsitateak jaso dituen datuen arabera, loraldia bere gorenera heldu zen joan den larunbatean, martxoaren 26an, Kyoto hirian. Japoniako hiriburua izan zen Kyoto, eta hango artxibategietan, 812. urtetik jaso dute loraldiaren data. Inoiz ez da sakura garaia horren goiz heldu. Aurreneko goiztiarrena 1409ko martxoaren 27an izan zen.

Datuok erakusten dutenez, apirilaren erdialdera zegoen loraldiaren gailurra 1800. urte aldera. Baina ordutik hona hainbat aste aurreratzen joan da.

Herritarrak gereziondo loratuen ikuskizunaz gozatzen, Tokion. Jaialdi nazional gisa izendatuta dago loraldia Japonian.KIMIMASA MAYAMA / EFE

Japonia gehienbat ipar-hego ardatzean zabalduriko herrialde bat denez, eta aspaldi jaso izan dituztenez zuhaitzen eta beste landareen inguruko datuak, informazio ona ematen du jakiteko klima aldaketak horietan nola eragiten duen. Fenologia zientziak aztertzen ditu ziklo horiek.

Fenologoek esan izan dute lehen ere Kyotoko artxibategietan dagoela munduko erregistro fenologikorik luzeena, esan bezala, IX. mendean hasi zutelako. Azaldu dutenez, hiriak zabaltzeak ere izan du eragina, eraikuntza asko dituzten lekuak landa guneak baino beroagoak izaten direlako, porlanak eta asfaltoak beroa pilatzen dutelako. Baina Japonian hiriguneetako eta landa eremuetako zuhaitzen zikloak behatu dituzte, eta ikusi dute gereziondoen loraldia lotuta dagoela tenperaturaren aldaketarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.