Etxegabeak

Kalean hildako azken etxegabea gogoan hartu dute Bilbon

Beste Bi plataformak neurriak eskatu ditu «pertsona gehiago hil ez daitezen».

Bilboko Areatzan egindako elkarretarazea. BERRIA
gotzon hermosilla
2021eko martxoaren 31
12:53
Entzun

Fatima zuen izena, kalean bizi zen, gizarte zerbitzuen arta jasotzen zuen, eta oso ezaguna zen Bilboko etxerik gabekoez arduratzen direnen artean. Joan den ostiralean zendu zen, Bilbo Zaharreko Hiru Zutabe plazan. Ez da aurtengo lehena izan: duela bi aste inguru, etxerik gabeko beste pertsona bat hil zen Bilbon, Peter izeneko 23 urteko gazte poloniarra.

Beste Bi plataforma osatzen duten 24 elkarteek elkarretaratze bat eta omenaldi bat egin diote Fatimari, Bilboko Areatzan. Haren irribarrea gogoratu dute, mundu guztiari maitea esateko zuen ohitura, leku guztietara korrika joaten zela «denborak ihes egiten ziola jakingo balu bezala; orain bera baino azkarragoa izan da, eta Fatimak kalean aurkitu du heriotza».

«Handienetako bat abiatu da», esan dute haren lagunek; «musu bat idazle analfabeto onenarentzat. Hemen zure hurrengo gutunaren zain egongo gara».

Hildakoa gogoratzeaz gain, Beste Bi plataformako kideek nabarmendu dute kalean bizi direnak pairatzen ari diren egoera latza: «Urtebete igaro da COVID-19aren egoerari aurre egiteko neurriekin hasi ginenetik. Gizarte osoak zailtasunez bizi du egoera, kalean bizi diren pertsonek ere bai. Pandemia hasi zenetik, gero eta etxerik gabeko egoera gehiago agertzen ari dira». Plataformak dioenez, «pertsonak alde batera uzten dituen sistema bidegabe baten ondorio» da zenbait herritarrek etxerik gabe bizi behar izatea.

Plataformak dei egin dio gizarteari «etxerik gabeko pertsonek pairatzen duten gizarte bazterketa hori ikusi, entzun, eta berea dela senti dezan». Instituzioei ere eskaera bat egin diete: «Gizarte zerbitzuen zorroa modu eraginkorrean handitzeko, estrategia orokorra eguneratu eta aktibatzeko, Euskadin etxe gabetasuna errotik kentzeko». Zehazki, eskatu dute udalerri guztietan «gizarte erroldatzea» abian jar dezatela, «pertsona guztiek gizarte eskubideak eta prestazioak eskuratzeko ezinbesteko tresna baita».

Etorkizunerako asmoak ere azaldu dituzte Beste Bi plataformakoek: «Berriz ere kalean hildako inor omentzera irten behar ez izatea», eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean etxebizitzarako eskubideaz azaltzen dena «egia» bihurtzea.

Elkarretaratzea amaituta, beste omenaldi xumeago bat egin diote Fatimari, hil zeneko tokian: han loreak jarri, eta kandelak piztu dituzte.

2006an sortu zen Beste Bi plataforma, eta etxebizitza eskubidearen eta gizarte bazterketaren arloan eta etxerik gabekoen alde lan egiten duten 24 elkartek osatzen dute. Besteak beste, Bizkaiko Caritas, CEAR, Munduko Medikuak, Hiesaren Kontrako Bizkaiko Batzordea eta beste zenbait elkarte daude plataforman. Aspalditik, elkarretaratze eta omenaldi bat egien dute Bilbon etxerik gabeko pertsona bat hiltzen den bakoitzean.

Joan den martxoaren 12an beste etxegabe bat hil zen Bilbon, 23 urteko gazte poloniarra. Piotr zuen izena, baina Uribarri auzoan Peter deitzen zioten. Oso ezaguna zen Bilbon, askotan egoten zelako kalean gitarra jotzen. Martxoaren 22an eman zuten haren heriotzaren berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.