739 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Eusko Jaurlaritzak bihar berrikusiko du 100.000 biztanleko 400eko intzidentzia tasa duten lurralde eta herrien zerrenda, eta litekeena da Araba eta Gasteiz horren barnean egotea.

Baheketa egin zuten Lazkaon (Gipuzkoa), martxoaren amaieran. JON URBE / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko apirilaren 5a
13:22
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo 8.107 PCR proba eta antigeno test egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta 739 positibo detektatu zituzten, herenegun baino 94 gehiago. Positiboen kurbak, beraz, gorantz egiten jarraitzen du, eta hurrengo egunetan ere joera berberari eustea espero da. Positiboen portzentajeak ere ez du gorabeherarik izan azken egunotan, eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako %5eko muga gainditzen du: %9,12 da momentu honetan.

Lurraldeetako egoerari dagokionez, Bizkaian detektatu dituzte kasu gehienak: 245. Gipuzkoan, 235 izan dira; Nafarroan, 175; eta Araban, 79. Gainontzeko bost kasuak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean atzemandakoak dira.

Jaurlaritzak, gainera, bihar berrikusiko du 100.000 biztanleko 400eko intzidentzia tasa duten herri eta lurraldeen zerrenda, eta asteazkenetik aurrera, besteak beste, itxialdi perimetrala ezarriko da eremu horietan. Zehazki, egoera horretan daude, oraingoz, Ondarroa, Muskiz, Elorrio eta Ermua, Bizkaian; eta Beasain, Lazkao, Ordizia eta Urretxu, Gipuzkoan. Jaurlaritzak, gaurkoan, ez du xehetasun gehiagorik eman, baina Eneko Goia Donostiako alkateak, esaterako, adierazi du «erritmo honetan» jarraituz gero, Gipuzkoa eremu gorrian sartuko dela aste honetan, eta «lehenago edo geroago», gauza bera gertatuko dela Donostian ere. Hala ere, espero du positiboen igoera «bat-batekoa» ez izatea, eta, era horretan, osasun sistema ez tenkatzea.

Gainontzeko lurraldeei dagokienez, litekeena da Araba ere eremu gorrian egotea asteazkenetik aurrera. Izan ere, joan den ostiralean emandako azken datuen arabera, 374,61 da intzidentzia tasa, eta, Gasteizen, 399,86. Gipuzkoan eta Bizkaian egoera samurragoa da, eta ez dute erraza izango biharko zerrendan sartzea. Hala ere, azken egunetan gorantz egiten ari dira positiboak eremu horietan, eta, ondorioz, baita intzidentzia tasak ere.

Erietxeetan, Jaurlaritzak jakinarazi du beste 53 ospitaleratze egon direla, eta Nafarroako Gobernuak azaldu du 112 pertsona daudela eremu horretan. Hegoaldeko ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan 119 gaixo daude.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.