Osakidetzak iritsi diren txertoen %95 jarri ditu

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi du orain arte herritarren %15i jarri zaiela koronabirusaren aurkako txertoaren lehen dosia, eta %5i bi dosiak.

Osakidetzako langile bat COVID-19aren aurkako txerto batekin. IDOIA ZABALETA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko apirilaren 6a
13:41
Entzun

Abiadura handia hartu du txertaketa kanpainak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iritsi ahala jartzen ari dira txerto guztiak, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur azaldu duenez. Jakinarazi duenez, iritsi diren txerto guztien %95 jarri egin dira, stock txiki bat gordeta. Zehazki, orain arte 469.000 dosi jaso ditu Jaurlaritzak, eta, horietatik, 450.000 jarri ditu. Aste honetan, Modernaren 18.000 dosi jasoko ditu Osasun Sailak, eta apirilean AstraZenecaren txertoaren beste bidalketa bat jasotzea aurreikusi du. Hala ere, Sagarduik zehaztu du ez dakitela txerto horren zenbat dosi iritsiko zaizkien.

Adinaren araberako txertaketa egiten ari da Osakidetza, eta bereziki bi kolektibo ari da txertatzen: 80 urtetik gorakoei Pfizer txertoa jartzen ari zaie, eta, gaur arte, txerto horren lehen dosia adinekoen %72,6ri jarri zaie, eta bigarrena, %36ri. Osakidetzak «lehenbailehen» immunizatu nahi ditu 80 urtetik gorako herritarrak, Osasun sailburuak azaldu duenez. 65 urtetik beherakoei AstraZenecaren txertoa jartzen ari zaizkie. AstraZenecaren 52.800 txerto jarri dituzte ostegunetik atzo arte, Sagarduik emandako datuen arabera.

Eusko Jaurlaritzak konfiantza du txertoak etengabe iritsiko direla, eta udarako lortuko dela herritarren %70 txertatzeko helburua. Sagarduik jakinarazi duenez, orain arte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %15i jarri zaie koronabirusaren aurkako txertoaren lehen dosia, eta %5i bi dosiak.

Nafarroan ere abaila handia hartzen ari da txertaketa. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak azpimarratu du espero dutela aste honetatik aurrera txerto kopuru handi bat jasotzea, eta 80 urtetik gorako guztiek lehen dosia jarrita izatea. Txibitek azaldu du txertaketaren erritmoa iristen den txerto kopurura egokitu egin dutela, baina aurreratu du bigarren hiruhilekoan «hirukoiztu» egingo dela iritsiko den txerto kopurua, eta, beraz, gobernuak ere txertaketaren erritmoa «hirukoiztu» egingo duela.

Urkulluren deia

Gainera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bilakaera epidemiologikoa okerrera egiten ari dela ikusita, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak dei egin die herritarrei joan-etorriak eta familia eta lagun giroko harremanak ahalik eta gehien murriztu ditzaten, eta «azken ahalegina» eskatu die: «Azken ahalegina eskatzen dugu, prebentzio neurri guztiak bete ditzagun. Txertorik onena norberak neurriak betetzen jarraitzea da».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.