Gasteiz

Benetako Green plataformak Olarizuko etxebizitzen «hondatze larria» salatu du

Haren arabera, Gasteizko Udalarena da eraikinak baldintza egokietan mantentzearen ardura, baina uste du «modu arduragabean» jokatu duela, 21 Zabalgunearekin batera.

Gasteizko Olarizu auzoan 124 etxebizitza daude. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko apirilaren 7a
13:34
Entzun

Benetako Green plataformak Gasteizko Olarizu auzoko 124 etxebizitzetako «hondatze larria» salatu du Arabako Fiskaltzaren aurrean, arduradunei «balizko erantzukizun penalak» ezarri ahal izateko, besteak beste. Haren arabera, Gasteizko Udala da —2020ko uztailera arte 21 Zabalgunea zeneko arduraduna— eraikin horien jabea, eta adierazi du lurzoruaren eta hirigintzaren legeen arabera, etxebizitzetako arduradunen betebeharra dela eraikineko segurtasuna, osasungarritasuna eta irisgarritasun unibertsala baldintza egokietan mantentzea, besteak beste. Hala ere, uste dute kasu honetan ez dela horrela izan. «Ez dituzte bete jabe gisa dituzten betebeharrak: modu arduragabean edo behar bezalako arretarik gabe aritu dira».

Hain zuzen, gogorarazi behar da Olarizuko eraikinetan 50 pertsona inguru bizi direla egun, beste etxe baten alokairua ordaintzeko baliabiderik ez dutelako, besteak beste. Herritar horiek, ordea, kaleratzeko arriskuan daude. Izan ere, etxebizitzak erosi ondoren, udalaren asmoa da azpiegitura horiek eraistea, eta toki horretan beste hirigintza proiektu bati ekitea. «Udala, etxebizitzak erosi bezain laster, eraikinetan sartu zen, eta are gehiago suntsitu zituen», azpimarratu du plataformak.

Hala, Benetako Green-ek argi du egoera honen erantzuleak 21 Zabalgunea eta Gasteizko Udala direla. Haien arabera, etxebizitzaren eskaria  «handia» da hirian, baina aukera hori galdua dago jadanik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.