AEB-ak

«Oxigeno faltagatik hil zen Floyd»

Martin Tobin pneumologoak, fiskaltzarekin bat egin, eta baztertu egin du droga kontsumoak zerikusia izan zuela Floyden heriotzan.

Poliziak hildako afro-amerikarren aldeko lore sortak, Minneapolisen. ALEX SEGURA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko apirilaren 9a
10:58
Entzun

Aurrera jarraitzen du Derek Chauvin polizia ohiaren aurkako epaiketak, George Floyd afro-amerikarraren hilketagatik. Martin Tobin pneumologo eta zaintza berezietan aditua denak deklaratu zuen atzoko saioan, eta, haren arabera, drogen kontsumoak ez zuen zerikusirik izan Floyden heriotzan. Aldiz, heriotza eragin zioten beste lau arrazoi zehaztu zituen: Chauvinek ezkerreko belauna hainbat minutuz Floyden lepo gainean eduki izana, gizona buruz behera eduki izana tarte horretan, eskuineko belauna bizkar gainean zuen bitartean, eta eskuburdinek eragindako presioa.

«Oxigeno faltagatik hil zen Floyd», berretsi zuen medikuak, fiskaltzaren argudioekin bat eginez, eta defentsako abokatuarenak baztertuz. Azken horren argudio nagusia da droga kontsumoak zuzeneko eragina izan zuela heriotzan, izan ere, fentanilo eta metanfetamina arrastoak aurkitu zizkioten soinean. Tobinen iritziz, baina, pertsona osasuntsu bat ere hil egingo zen, egoera berean jarriz gero: «Floydek erritmo normalean hartzen zuen arnasa konortea galdu aurretik, eta, aldiz, gaindosi bat jasan izan balu, haren erritmoa mantsoagoa izango zatekeen».

Tobinekin bat etorri zen Louisvilleko Polizia Departamentuko kirurgialari Bill Smock ere, zeinak nabarmendu baitzuen bideo irudietan Floyd erne ageri dela atxiloketaren unean, eta hori ikusita bazter daitekeela gaindosi baten ondorioz hil izana.

Maiatzaren 25ean hil zuten George Floyd, 46 urteko gizonezko afro-amerikarra. Hura atxilotzen parte hartu zuten lau poliziak, Derek Chauvin, Thomas Lane, J Alexander Kueng eta Tou Thao kargugabetuta eta auzipetuta daude egun; Fiskaltzak bigarren graduko erailketa eta bigarren graduko giza hilketa egozten dizkio Chauvini  —40 urte arteko kartzela zigorra ezar diezaiokete—, eta hari lagundu izana beste hirurei.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.