Espainiako Kopa

Realak osasun langileei eskaini die Kopa

Realeko ordezkaritza bat Donostia ospitalean izan da, irabazi berri duten titulua eskaintzen, osasun profesionalak pandemiaren aurka egiten ari diren lana eskertzeko. Hunkigarria izan da.

ainara arratibel gascon
2021eko apirilaren 9a
11:46
Entzun

Realeko ordezkaritza bat Donostia ospitalean izan da, orain astebete Sevillan irabazitako Espainiako Kopa osasun langileei eskaintzen, COVID-19aren aurkako borrokan egiten ari diren lana eskertzeko. Jokin Aperribai presidentea, Imanol Alguacil entrenatzailea, eta Asier Illarramendi eta Mikel Oiartzabal kapitainak buru zirela, ezustean agertu dira eskaintza hori egitera, jendea ez pilatzeko. Bertan izan dira, gainera, beste zenbait jokalari: Mikel Merino, Aritz Elustondo eta Joseba Zaldua.

Asier Illarramendik hitza hartu du, eta eskerrak eman dizkie osasun langileei. "Ez da erraza izan inorentzat egoera hau, eta zuek gau eta egun aritu zarete lanean borroka honetan. Beraz, eskerrik asko." Aperribai presidenteak, berriz, nabarmendu du aspalditik zutela buruan halako omenaldi bat egitea Kopa irabaziz gero. "Uda aurretik, pandemia hasieran, jada pentsatu genuen irabaziz gero Kopa haiei eskainiko geniela".

Omenaldi hunkigarria izan da. Felix Zubia ZIU zerbitzuko buruak eta Leire Rubio erizainak jaso dute Kopa, eta, ondoren, Itziar Perez Donostia ospitaleko gerentea mintzatu da: "Eskerrak eman nahi dizkiogu Realari, eta, bereziki, Mikel Oiartzabal kapitainari eta Imanol Alguacil entrenatzaileari, partida amaituta izan zituzten hitzengatikĀ eta momentu horretan gurekin gogoratzeagatik. Aldi berean, Realeko zaleak zoriondu nahi ditugu, ospakizunetan izandako jarreragatik. Ez dira garai errazak, eta halako pozen beharra dugu. Ea egoera hau pasatzen denĀ eta Anoetan elkar ikusten dugun".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.