Musika

DMX rap kantari estatubatuarra hil da

1990eko eta 2000ko hamarkadetan arrakasta handia izan zuen eta bere lehenengo bost diskoetako milioika ale saldu zituen. Gaindosi baten ondorioz erietxean igaro du azkeneko astea, eta 50 urterekin zendu da.

DMX, 2014ko argazki batean. RAFAL GUZ / EFE
mikel lizarralde
2021eko apirilaren 9a
21:27
Entzun

Earl Simmons, DMX izen artistikoz, gaur hil da New Yorkeko ospitale batean. Joan den larunbatean ingresatu zuten bertan, gaindosi baten ondorioz bihotzekoa izan ondoren.

Simmons (Mount Vernon, 1970) 1990eko hamarkadaren hasieran hasi zen beste hainbat hip hop musikarirekin kolaboratzen (Mic Geronimo, Jay-Z, Method Man), artean legearen eta Poliziarekin arazo ugari zituela. Nerabezarotik hainbat aldiz espetxetik igarotakoa zen, eta hip hopean bidea egin nahi bazuen ere, ez zuen horretarako modurik izan diskoetxe indartsu batekin (Def Jam) kontratua sinatu arte.

It's Dark and Hell Is Hot (1998) lehen disko luzea argitaratu aurretik, Get at Me Dog kantua grabatu eta zabaldu zuen, eta horrek berak oihartzun handia izan zuen, nahiz eta MTVk uko egin zion kantuaren bideoa emititzeari. It's Dark and Hell Is Hot-ek berretsi baino ez zuen egin lehen kantu hark lortutako arrakasta, eta Tupac nahiz Notorious B.I.G.-en heriotzek hardcore-rapean utzitako hutsunea betetzeko aukera eman zion DMX-i. Disko haren lau milioi ale saltzera iritsi zen musikaria.

[youtube]https://youtu.be/0xhRRX9nzzs[/youtube]

Estreinako diskoak lortutako arrakastari eta oihartzunari eutsi ahal izan zion DMXek hurrengo urteetan, baina segitu zuen arazoak izaten agintearekin: 1998an bertan atxilotu egin zuten gizonezko bat sastakatzeaz akusatuta. Nolanahi ere, musikariak segitu zuen disko arrakastatsuak argitaratzen: Flesh of My Flesh, Blood of My Blood (1999), The Great Depression (2001), Grand Champ (2003), Year of the Dog... Again (2006)... eta, aldi berean, zinema munduan ere sartu zen. Belly izan zuen lehen filma, baina gerora beste hainbat pelikulatan parte hartu zuen, besteak beste, Steven Seagalen ondoan (Exit Wounds).

[youtube]https://youtu.be/6CqXgs-7ico[/youtube]

Nolanahi ere, segitu zuen arazoak izaten, eta 2009an eta 2010ean bi denboraldi pasatu behar izan zituen espetxean. 2018an, berriz, urtebeteko espetxe zigorra ezarri zioten zerga ihesagatik.

Hain zuzen ere, azken urteetan, gehiago nabarmendu ziren legearekin izan zituen aurrez aurrekoak sormen lanak baino.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.