Enpresak

Beasaingo ur-ponpak, Kaliforniako Santa Barbara hiriarentzat

Indar enpresak AEBetara eramango du bere teknologia, gatzgabetzeko azpiegitura bat urez hornitzeko. GESek, berriz, hiru planta fotovoltaiko eraikiko ditu Caceresen

GESek eraikitako planta fotoboltaiko bat. EFE
xabier martin
2021eko apirilaren 12a
16:22
Entzun

Santa Barbaran (Kalifornia, AEB) bizi direnen edateko uraren jarioa geldi ez dadin rol garrantzitsua jokatuko du Beasaingo Indarrek. Ingeteam taldeko enpresak itsas azpian jarriko ditu bere ur-ponpak, itsasoko ura gatza kentzeko azpiegitura handi batera eramateko. Indarrek Beasaingo bere fabrikan ekoitziko ditu ur-ponpak, eta, aurtengo urrirako, haiek Kaliforniara eramateko helburua dauka. Iristean hasiko da instalazioa, eta, 2022rako, edateko ura etxeetara eramango duen sistema martxan egotea espero dute.

Charles E. Meyer gatzgabetzeko azpiegitura ustiatzen duen konpainiak eskatu dizkio ur-ponpak Indar enpresari, IDE Technologiesek hain zuzen. Haren esku dago Santa Barbaran eta Monteciton bizi diren 100.000 herritarrek behar duten edateko uraren %30 bermatzea. Beasaingo teknologiari esker, itsas zabalean hartutako ura izango dute etxean, gatzgabetzeko plantatik igaro ondoren. Indarrek esan du «erronka handia» izango dela ur-ponpak itsas azpian jartzea, kokalekua lurretik kilometro batera dagoelako, hamar metroko sakoneran. Horrek behartu du Indar ur-ponpa pertsonalizatu bat egitera, «itsas azpirako eta muturreko eraginkortasunarekin».

GESen hiru planta

Trantsizio energetikoaren olatu handia hartzen ari den beste euskal enpresa batera ere albiste onak iritsi dira berriki. GESek hiru planta fotovoltaiko eraikiko ditu Caceresen (Espainia), eta, guztira, 131 Mwatteko energia ekoizteko gai izango dira. Alter Enersun konpainiak egin dio enkargua GESi, eta, dagoeneko, obrak hasi dituzte; aurreikusi dute zazpi hilabetean azpiegiturak bukatuko dituztela, eta martxan izango direla 2022. urterako. Urtero, 70.000 familiaren energia hornitzeko helburua dute hiru planta fotovoltaikoek. Huelvan ere (Espainia) GES beste planta bat eraikitzen ari da, Alter Enersunentzat.

Eskarmentu handiko konpainia da GES energia berriztagarrien alorrean. Azken hamazazpi urteetan 1.000 Mwatt baino gehiagoko instalazioak egin ditu fotovoltaikoen esparruan. Azken bi urteak, berriz, oso oparoak izan dira enpresarentzat, 506 Mwatteko energiatik gora instalatu baitu. Energia fotovoltaikoa jasotzen ari den administrazioen bultzadari esker, GES oso ondo kokatu da merkatuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.