Fukushima

Fukushimako ur kutsatuak itsasora botako ditu Japoniak

Orotara 1,23 milioi tona ur daude zentral nuklearreko biltegietan. Prozesua datorren urtean hasiko dute, eta baliteke beste hainbat urte irautea.

Japoniako Gobernuaren erabakiaren aurkako protesta bat Seulen. JEON HEON-KYUN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko apirilaren 13a
09:39
Entzun

Badira bi urte iragarri zutela, eta berretsi egin dute orain. Fukushima zentral nuklearreko biltegietan jasotako ur kutsatuak itsasora isuriko ditu Japoniak. «Fukushima Daiichi zentrala desegiteko prozesuan saihestu ezin dugun gaia da tratatutako ura kanporatzea», esan du Yoshihide Suga lehen ministroak, eta adierazi «segurtasun berme guztiak» betetzen direla bermatuko dutela, eta «neurriak» hartuko dituztela balizko kalteak ekiditeko.

Zentral nuklearreko edukiontzietan 1,23 milioi tona ur pilatzen ziren iazko irailerako, eta biltegiak datorren urteko erdirako beteta egongo direla aurreikusi dute adituek. Izan ere, egunero hainbat tona ur bota behar dute erreaktoreen hondakinen gainera, erregai urtua hozteko, eta leherketa larriagoak ekiditeko. Ur hori gai erreaktiboz kutsatuta dago, baina gobernuak dio ez dela arriskutsua ingurumenerako.

Irtenbidea ez da, ordea, arrantzale eta inguruko herritarren gustukoa, ez eta ekologistena ere. Arrantzaleak beldur dira ur hori itsasora isurtzeak inguruko arrain eta itsaskien salmentari eragingo ote dion. Izan ere, 2011n tsunamiak zentral nuklearrean istripua eragin zuenetik hainbat herrialdek debekatu egin dute inguru hartatik itsaskiak inportatzea, besteak beste, Hego Koreak, zentraletik isurtzen den ur kutsatuek izan ditzaketen ondorioen beldur.

Teorian, zentrala kudeatzen duen Tepco konpainiak sistema bat ezarri zuen ura garbitzeko, baina, enpresak 2018an onartu zuenez, prozesaturiko uraren %80k (750.000 metro kubo orduan) ehun aldiz gainditzen du segurtasun arauek baimentzen duten kutsadura maila, eta hainbat ur biltegik, 20.000 aldiz.

Nazioartetik  berehala heldu dira kritikak. Tokioren asmoen aurka agertu direnen artean daude Txina, Hego Korea eta AEBak. Txinak salatu du erabakia «erabat arduragabea» dela, eta ohartarazi du neurriak hartuko dituela.

Erabakiaren aurka agertu da Japoniako Greenpeace erakundea ere. «Japoniako Gobernuak huts egin die berriz ere Fukushimako herritarrei. Erabaki du, inolako argudiorik gabe, Ozeano Barea hondakin erradioaktiboekin kutsatzea. Eskuragarri dagoen teknologia baliatu eta ur erradioaktiboaren arriskua gutxitu beharrean, aukerarik merkeenaren aldeko apustua egin du», gaitzetsi du Kazue Suzukik, Greenpeaceko Japoniarako klima aldaketa eta energia arduradunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.