Enpresak

CAFek Frantziako kontratu handia egingo duela berretsi du

Alstomek atzera egin duela eta Pariseko RER B aldirietako linearako trenen proiektua martxan jarriko dela berretsi du Beasaingo konpainiak. 146 tren hornitzeko kontratu da, eta CAFi %40 inguru dagokio: 1.000 milioi inguru

CAFen fabriketako bat. KARLOS CORBELLA
xabier martin
2021eko apirilaren 14a
12:56
Entzun

RATP, SNCF eta Ile-de-France Mobilitések prentsa ohar batean jakinarazi dute Alstomek blokeaturik zuen kontratu erraldoia martxan jarriko dutela, eta akordioa egin dutela alde guztiek. CAFek asko zuen jokoan, Bombardierrekin batera irabazitako kontratu hori handia zelako, 2.500 milioi ingurukoa, eta Beasaingo enpresari horren %40 zegokiolako gutxi gorabehera, hau da, 1.000 milioi euro inguru. Bada, euskal konpainiak berretsi du baietz, azkenean Alstomek oztopoak jartzeari utzi diola, eta kontratua bere horretan egingo dela.

Eragileek jakinarazi dute Pariseko RER B aldirietako linearako trenen hornikuntza proiektua martxan jarriko dela, beraz, aldi berean RATPek eta SNCFek operatuta. Aldirietako 146 tren hornitzeko enkargu bat da, eta beste 34 unitate gehigarri egiteko aukera dago, gainera. Horixe izango da CAFentzat, trenak estreinako hornitzeko aukera, Pariseko metropoli eremuko RER sarerako —Europa kontinenteko garraio administrazio nagusietako bat—.

"CAFek azken urteotan kontratu kopuru handia garatu du Frantzian", esplikatu du Beasaingo trengileak; "horien artean, nabarmendu beharrekoa da 2019. urtearen amaieran SNCF operadorearentzat lortutakoa. Kontratu hori 28 tren hornitzeko da, eta beste 75 gehitzeko aukera ere jasotzen du. Zerbitzua Paris-Clermont eta Paris-Limoges-Akitaniako Tolosako lineetan eskainiko dute". CAFek nabarmendu dituen beste proiektu batzuk hauek dira: Nantes, Besançon eta St. Etienne hirietarako tranbiak; Lyongo metroko D lineako trenen flota birgaitzeko lanak; eta tren makina elektrikoen hornikuntza.

BERRIAk aurreko astean aurreratu zuen CAFek bidea libre zuela Frantziako kontratu handia lortzeko, Alstomek atzera egin ondoren. Korapiloaren jatorria aurtengo otsailean dago, kontratua lehiaketa publiko bidez adjudikatu zenean. Alstomen ustez, 2.560 milioi euroko eskaintza irabazlea merkatu preziotik behera zegoen, eta lehiaketari helegitea jartzeko asmoa plazaratu zuen. Kontua da, CAFek eta Kanadako Bombardierrek eskaintza bateratua egin zutenean, Alstom oraindik ez zela Bombardierren jabea, eta adjudikazio prozesua egin bitartean erosi zuela.

Baina dagoeneko traba guztiak atzean geratu dira, eta atzo jakinarazitako 250 milioi euroko kontratuari gaurkoa gehitu behar zaio, mila milioi ingurukoa. Esan beharrik ere ez dago: geroa argitzen duen lan karga bermatuko dute kontratu horiek guztiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.