Zergak

Ekonomia «itotzea» leporatu diote enpresaburuek Euskal Hirigune Elkargoari

Fiskalitatearen emendatzea Ipar Euskal Herriko enpresentzat «kaltegarria» izanen dela salatu dute ekonomia alorreko ganberek, patronalaren sindikatuek eta sektore nagusietako ordezkariek.

Enpresaburuen prentsaurrekoa, gaur goizean, Baiona. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko apirilaren 15a
12:44
Entzun

Indar erakustaldia egin nahi izan dute Ipar Euskal Herriko enpresaburuek. Prentsaurreko bateratu bat egin dute, ekonomiako hiru ganberek, patronalaren sindikatuek eta sektore ekonomiko nagusietako ordezkariek Euskal Hirigune Elkargoak enpresen fiskalitatea emendatuko duela salatzeko. Ez ohiko argazkia, argazki sinbolikoa, Jean Rene Etxegarai lehendakariari presio egiteko. Ekonomia «itotzea» leporatu diote enpresaburuek. Gutun bat idatzi diote denen izenean haien haserrea adierazteko, eta Frantziako Estatuko ordezkariekin ere harremanean eman dira.

Agerraldian diskurtso bera errepikatu dute denek, behin eta berriz, bakoitzak bere hitzekin. Krisi ekonomiko «larri» baten aurrean gaudela, enpresak «perfusiopean» direla, eta haienganako zergak emendatzea «oso kaltegarria» izanen dela. «Ulergaitza da», Gerard Gomez ofizialeen ganberako buruaren hitzetan. «Momentu okerrenean dator; eragina izanen du enpleguan eta lurraldean», adierazi du. «Zentzugabea» da Jean Pierre Istre UMIH Ostalaritzako Industria eta Lanbideen Batasuneko buruarentzat. «Airea falta dugu, eta burua urpean sartzen digute», salatu du Frantziako eraikuntzako federazioko Pirinio Atlantikoetako ordezkariak. «Zergekin zanpatzen bagaituzte, ez dugu iraunen», Joelle Darricau turismoko enpresak biltzen dituen GOazen klusterreko zuzendaritzako kideak.

Sindikatuei dagokienez, enpresak «sufrimenduan», «agonian» direla erran du Caroline Philipps Lantegiak kolektiboko kideak. «Ez gara esne behiak», salatu du Philippe Neys Medef sindikatuko buruak. «Dirurik ez denean ekonomiak egin behar dira», Georges Strullu CPME sindikatuko buruak. Hori baita, funtsean, Euskal Elkargoari leporatzen diotena: aurrekontua aitzina ateratzeko instituzioak dituen zailtasunak enpresen kargu eman nahi izatea. Joan den larunbatean bozkatu zuten aurrekontuan lur zergaren emendatze bat onartu zuten —%0,29tik %2,79ra pasatuko da—, baina ez da hori haserre gehien piztu duena. Aurki onartzekoa duten garraio zergaren emendatzeak asaldatu ditu, duela bi urte bezala. 0,95etik 1,5era pasa beharko litzateke erran dutenaz; enpresa bakoitzeko 3.800 euroko emendatzea aurreikusten dute batez bestean.

«Konponbideak badira»

Euskal Hirigune Elkargo bakarraren «alde» dagoela nabarmendu du Andre Garreta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako presidenteak, baina azken urteetako kudeaketa «txarra» deitoratu du. «Hamar elkargoak batuta, indarrak mutualizatu eta ekonomiak eginen zirela pentsa genezakeen, baina, horren ordez, gastu finkoak emendatu dira», salatu du. Horren ordez, langile kopurua emendatu dela deitoratu du, arlo batzuetan lan berdina egiteko bizpahiru pertsona daudela erranez. Elkargoaren langile kopurua apaldu beharko litzatekeela iradoki du.

«Beharrik gabeko» inbertsio batzuk ere aipatu ditu, horien artean Aturri ibaian dabilen joan-jinkaria. «Badakizue zenbat kostatu den? Ez dute nehor garraiatzen, prezio merkean turismo pixka bat egin nahi duten gutxi batzuk izan ezik. Hori al da logiko ekonomiko efiziente bat?».

Azkenik, dena elkargoak egin nahi izatea ere salatu du Garretak. «Bizpahiru animatzaile hartuko dituzte enpresen mintegiak laguntzeko. Hori lehenago guk egiten genuen, hobeki, eta merkeago», deitoratu du. «Elkarrekin lan egin behar dugu», egin du aldarri, «argazkia nahi badute, guk eginen dugu lana, eta horiek har dezatela argazkia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.