Afganistan

NATO maiatzean hasiko da Afganistango tropak erretiratzen

Erretiratzea hilabete batzuen buruan amaituta edukitzea espero duela aurreratu du Jens Stoltenberg idazkari nagusiak. AEBetako Estatu idazkaria Kabulera joan da ezustean.

NATOko idazkari nagusi Jean Stoltenberg. JOHANNA GERON, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko apirilaren 15a
12:48
Entzun

Datorren hilean hasiko da NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea Afganistanen dituen tropak erretiratzen. Hala iragarri zuen atzo Jean Stoltenberg idazkari nagusiak, AEBetako Estatu idazkari Antony Blinken eta Defentsa idazkari Lloyd Austinekin egindako agerraldian.

Asmo bera du Joe Biden AEBetako presidenteak ere, baina hark erretiratzea noiz amaituko den ere iragarri du dagoeneko: irailaren 11rako —aurten betetzen dira hogei urte dorre bikien aurkako atentatuetatik; eraso horiei erantzuteko hasi zuten AEBek Afganistango gerra, 2001eko urriaren 7an—. Gaur egun, 2.500 militar estatubatuar daude AEBetan, NATOko kide diren herrialdeetako beste 7.000 soldadurekin batera.

Stoltenbergek zehaztu zuen erretiratzeak Afganistanekiko «harreman berri bat» ahalbidetuko zuela, eta nazioarteak bake elkarrizketak babesten jarraituko duela, nahiz eta herrialdean segurtasun indarrik izan ez: «Bermatuko dugu ez dugula galduko orain arte lortutakoa». NATOko idazkari nagusiaren esanek, ordea, ez dituzte Afganistango agintariak lasaitu. Askok leporatzen diete Washingtoni eta nazioarteko aliantzari gerra irabazi gabe erretiratzea eta herrialdea talibanen esku uztea.

Bidenek berak aitortu du, ordea, azken urteetan gerrak ez duela «helburu garbirik» izan. Berdin egin du NATOko idazkari nagusiak ere, zeinak azaldu duen Afganistanen jarraitzeak tropa gehiago bidaltzea esan nahiko zukeela, eta egun aliantzak badituela «beste helburu batzuk», horien artean leudeke Txina, Errusia eta Iranekiko harremanak.

Stoltenbergek aitortu du, hala ere, erretiratzeak badituela arriskuak, eta, alde horretatik, ohartarazi du nazioarteko indarren aurkako edozein erasok «erantzun azkar bat» ekarriko lukeela. NATOren iragarpenak Afganistango gatazkarekiko orain arte zuen jarrera aldatzea ekarri du; izan ere, duela gutxi arte aliantzaren asmoa zen han jarraitzea egoera hobetu bitartean.

Gaur, bestalde, ezusteko bisita bat izan dute Kabulen. Blinken bera joan da Afganistango hiriburura. Ashraf Ghani presidenteak egin die harrera bertan. Ghanik esan du «errespetatzen» duela Etxe Zuriaren erabakia, eta haren araberako neurriak hartuko dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.