Faktore genetikoek COVID-19aren larritasunean eragin dezaketela aurkitu dute

Ikerkerta baten arabera, munduko biztanleria osoaren %13 inguruk ditu gaixotasunaren sintomak larriagotzea ekarri dezaketen faktoreak.

Herrialde Katalanetako laborategi bat. ANDREU DALMAU/EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko apirilaren 15a
14:18
Entzun

Herrialde Katalanetako zenbait ikertzailek aurkitu dute faktore epigenetikoek, hots, herentzian jasotzen direnek eragina izan dezaketela COVID-19aren larritasunean, EBiomedicine aldizkariak kaleratu bezala. Leuzemiaren aurkako Josep Carreras institutuko, Josep Carreras fundazioko eta Bellvitgeko Ikerketa Biomedikoko Institutuko adituek egin dute ikerketa, eta ondorioztatu dute hanturarako eta osasuna okertzeko joera dutenek arrisku handiagoa dutela gaixotasunaren sintoma larriagoak pairatzeko. Faktore epigenetiko horiek munduko biztanleria osoaren %13k dituela gehitu dute.

COVID-19ak hainbat galdera sorrarazi dizkie adituei, eta haren sintomen eta arrisku faktoreen aniztasuna izan da horietako bat. Izan ere, adinez nagusiak direnei edota beste mota bateko patologiak dituztenei gehiago eragiten dietela ondorioztatu zuten hasieratik. Baina faktore horiek betetzen ez dituen jendearen artean ere larri gaixotu denik ere badago. Horregatik, gaixotasuna pasatu duten eta arrisku taldeetan ez dauden 400 pertsonaren material genetikoa ikertu dute. 

«COVID-19aren sintoma larriak izan dituztenen artean aurkitu dugu aldaera epigenetikoak daudela DNAren jarduera erregulatzen duten etengailu kimikoetan», adierazi du Manel Esteller Leuzemiaren Aurkako Josep Carreras Institutuko zuzendariak. Azaldu duenaren arabera, batez ere hanturarako gehiegizko joera duten geneetan gertatzen dira aldaera horiek, eta osasuna okertzeko joera dutenetan; hau da, mundu osoko biztanleriaren %13an.

Ikerketaren emaitzek medikuntza prebentiboan lagun dezaketela uste dute adituek. Izan ere, faktore horiek identifikatzeak erraztu egin dezake sintoma larriak garatu aurretik tratamendu egoki bat ematea, osasun sistemak gainezka egin ez dezan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.