Egun bakarrean 116 lagun ospitaleratu dituzte Hego Euskal Herrian

985 kasu gehiago atzeman dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak, eta positibo tasa %7,9 da

Zenbait anbulantzia, Donostia ospitaleko larrialdietako sarreran. GORKA RUBIO / FOKU
Ion Orzaiz.
2021eko apirilaren 17a
18:00
Entzun

Positibo berrien kopurua apaldu da Hegoaldean, baina horrek ez du ospitaleetako presioa arindu. Kontrara: azken egunetako egoera makurrenean dira Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako sare asistentzialak. Osakidetzak eta Osasunbideak gaur emandako datuen arabera, COVID-19an positibo emandako 116 pertsona ospitaleratu dituzte egun bakarrean (atzo baino 35 gehiago), gaitzari buelta eman ezinik. Ez da azken egunetako kopuru altuena (apirilaren 13an bat gehiago izan ziren), baina bai aurtengo altuenetako bat: urtarrilaren 23an, hirugarren olatu betean, 115 izan ziren egun berean erietxeratutakoak; eta iazko urriaren 31n, berriz, 127.

Kontsultatu hemen koronabirusaren azken datuak

ZIUetan are kezkagarriagoa da panorama: 182 paziente larri daude Hego Euskal Herriko ospitaleetako zaintza berezietan, atzo baino bederatzi gehiago.

Transmisio datuei dagokionez, berriz, kutsatze gutxiago atzeman dira azken 24 orduetan: 12.345 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Osakidetzak eta Osasunbideak, eta horietatik, 985ek eman zuten positibo. Hortaz, positibotasun tasa %7,9 da uneotan.

Herrialdeka, 350 kasu atzeman dituzte Bizkaian, 351 Gipuzkoan, 117 Araban eta 150 Nafarroan. Hain zuzen, herrialde horretan hasiak dira kurbaren apaltze txiki bat nabaritzen, Nafarroako Gobernuak neurri murriztaileak ezarri eta 15 egunera: astelehenetik ostiralera arteko positiboak %18 murriztu dira, aurreko astekoekin alderatuta.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.