Jon Ander De la Hoz.
Analisia

Laranjondoaren itzala luzeegia da

2021eko apirilaren 17a
23:36
Entzun

Herbehereetako teknikariak loriaren sinonimo dira Bartzelonan. Hala izan zen Johann Cruyff, estreina, Frank Rijkaard gero, eta Ronald Koeman, azkena. Laranja kolorekoen herrialdekoak taldearen gidari izan direnean, garaikurrak bildu dituzte katalanek. Prestatzaile bakoitzak bere estiloa ezarrita, distira handiagoarekin ala txikiagoarekin, baina matematikoa da. Itxura ezberdineko fruituak eman ditu laranjondoak, baina zuhaitz emankorra da Bartzelonan sustraitzen denean.

Koemanek ere atera dio zukua bere egiteko moduari; finalean, ez du abuztuan hondoa jotako talde haren itxurarik eman. Neurketa hasi orduko garai bateko nagusitasuna irudikatu du Bartzelonak. Athleticek lagundu egin dio horretan, gainera, presio egiteari uko egin baitio. Marcelino Garcia Toralenak zer gerta atera dira zelaira, eta baloiaren atzetik lasterka egin beharrean izan dira. Bilbotarren entrenatzaileak deus gutxi aldatu du Realaren aurkako hamaikakorekin alderatuta; arazo fisikoak izan dituen Yuri Bertxitxe, eta Unai Vencedor. Horrek agerian uzten du berritasunak txertatzeko duen tarte txikia; karta bakarreko taldea da Athletic.

Hala, Koemanek egindako planteamendu erasokorrak min egin die zuri-gorriei; Bartzelonaren atzeko lerroaren erdialdean hiru lagun aritu dira. Nahiko eta sobera izan ditu Marc Andre Ter Stegenen atea zaintzeko.

Horiek salbu, beste guztiak zuri-gorrien atera begira aritu dira. Hegaletan, zelaiko metro guztiak korritzeko gai diren bi jokalari: Jordi Alba eta Sergiño Dest. Zelai erdian, berriz, Frenkie De Jong, Sergi Busquets eta Pedri. Giharra erakutsi, lehoiak bezatu, eta Antoine Griezmanni eta Leo Messiri bidea erraztu.

Eskema horri segika, Bartzelonak oinpean izan du Athletic. Lehen zatiko 25. minutuan %87ko baloi jabetza zuten katalanek, eta %82koa 40.ean. Itomen horretan arnas pixka bat hartu nahi zuten bizkaitarrek, baina Bartzelonak ondo egituratutako plana zuen. Zelai erdian nagusitu, eta hegaletik —eskuinekotik, orobat— barrurantz eginaz aukerak sortzea. Lehen zatian barrualdeko bidea aurkitu ezinda aritu dira aurkariak, eta horrek salbatu du Athletic. Messik kokapen hori duenean sortzen du arrisku gehien, eta ez hark, ez kideek, ez dute zirrikiturik aurkitu lehen zatian. Gaitz erdi.

Neurketaren lehen erdiari neurria hartzea kostatu egin zaie lehoiei. Bigarrenari ere ez diote eroso ekin. Kontrarioak estutzera egin du berriz ere, baina presarik gabe. Geroz eta gehiago bilatu dute Messi izarra, jeinutasunen bat egin zezan. Horrek, automatikoki, inbutuaren bidea eginarazi dio baloiari: zabaletik estura egin, eta Athleticen areara penalti puntuaren ingurutik gerturatzea. Guztia, pase laburretan.

Bien bitartean, Athleticen aurrera egiteko modu bakarra baloia ostikoz jo eta Iñaki Williamsekin saiatzea izan da, baina bakarrik gutxi egin zezakeen harrobiko jokalariak. Oldarkortasunik gabe aritu dira zuri-gorriak.

Eta hala, Griezmannek gola egin arte. Ordura arteko eskemak hautsi, eta hegaletik egindako jokaldian, gainera. Golarekin batera hautsi da Athletic. Akabo harresia. Erdiraketa batetik heldutako beste gol batean, bigarrena egin du Bartzelonak. Ez Messiren jenialtasun, ez metro koadroko jokaldi. Athleticen kamustasuna kontutan, ordu erdia soberan zuen Bartzelonak. Eta hirugarrena heldu da gero; laugarrena, ondoren. Athleticen atzeko lerroa zulatua zegoen zen ordurako. Koemanen estiloan hasi, eta Rijkaard eta Cruyff herrikideen eran amaitu du Bartzelonak. Larajondoaren itzalaren gerizpean gozo dira katalanak, eta hori izaten da kontrarioaren gazia. Oraingoan, Athleticena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.