Lan gatazka

Atzo atxilotutako LABeko bost kideak libre atera dira, epailearen aurrean deklaratu gabe

Gaur goizean ziren banan-banan deklaratzekoak, baina, azkenean, ez dute halakorik egin. LABeko abokatuaren arabera, Poliziaren txostena «pobrea» da.

Garbiketa sektoreko LABeko ordezkarietako bat izan da aske geratzen lehena. Atera osteko besarkada. @LABNAFARROA
joxerra senar
2021eko apirilaren 21a
11:30
Entzun

24 ordu egin dituzte atxilotuta. Espainiako Poliziak LABeko sei kide atxiilotu zituen, ISN enpresako kamioi batera igota N-121 errepidea trabatzeagatik eta CEN patronalaren egoitzan hauts gorria botatzeagatik. Izaskun Juarez LABeko Iruñerria-Pirinioak eskualdeko idazkaria berehala utzi zuten aske, baina gainerako bostak gaur atera dira libre, eta ez dute epailearen aurrean deklaraziorik egin. 

Azkar batean joan da dena. Epailearen aurretik pasatzekoak ziren. Galdetu zaie ea bazuten ezer deklaratzeko, eta, euretako bakoitzak uko egin dioenez eskaerari, magistratuak ez du beharrezko ikusi deklarazioa hartzea. Banan-banan libre geratu dira. LABen irudiko, epailearen aurretik iragan ez izanak «are handiagoa egiten du polizia operazioaren burugabekeria».

Atzo bertan LABeko koordinatzaile nagusi Imanol Karrerak salatu zuen «propaganda kutsua» zuela polizia operazioak, eta iraganeko irudiekin lotu nahi zutela sindikatuaren ekintza sindikala. Karrerak ohartarazi zuenez, aski zen epaileak jakinarazpen bat bidaltzea deklarazioa hartzeko, baina, agerian geratu denez, epaileak ez du beharrezko ikusi deklarazioa hartzea. 

LABeko abokatuaren arabera, Poliziaren txostena «oso pobrea» da. Sei atxilotuetatik bi garbiketa sektoreko ordezkariak dira, eta besteak, LABen zerbitzu pribatuen federazioko ordezkariak. Batetik, apirilaren 9an ISN enpresako kamioi batera igo eta Beriain inguruan N-121 errepidea moztea leporatzen diete; bestetik, CEN patronalaren egoitzan istiluak eragitea egotzi diete. Euren txostenean, mehatxuak, bortxa, kalteak eta, kamioiaren kasuan, zirkulazioaren segurtasunaren aurkako delitua aipatzen dute poliziek. 

LAB: «Antzezlan handi bat»

Ikusteko dago, ordea, zer gertatuko den auziarekin. LABek ohar baten bidez salatu duenez, «sindikatuaren aurkako operazio honetan patronala eta polizia eskuz esku ibili dira». Sindikatuaren arabera, kamioiaren ekintzaren kasuan, Foruzaingoak ofizioz hasi zituen diligentziak. Gerora, ISN enpresak salaketa jarri zuen Espainiako Polizian, eta haiek hartu zuten kasua. LABek salatu du garbiketa sektoreko protesta hori martxoaren 8ko ekintzarekin lotu dutela gero. «Antzezlan handi hau muntatu du», kritikatu du.

LABek berretsi du protesta horietan ez dagoela inongo deliturik, baina, Poliziak zantzuren bat ikusi izan balu, aski zuela jakinarazpen baten bidez deklaratzera deitzearekin: «Ez zen beharrezkoa halako operatibo poliziala muntatzea. Ez zen beharrezkoa, parametro demokratikoetan, noski». Bezperan egin bezala, LABek kritikatu du polizia operazio horrek euren ekintza sindikala iraganeko argazkiekin lotu nahi izan dutela

Horregatik, «Poliziaren gehiegikeria salatzeko asmoz», sindikatuak manifestaziora deitu du larunbatean, Iruñean. Baluarte jauregitik aterako da, 17:00etan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.