Europako funtsak

Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak oniritzia eman die Europako funtsei

Atzera bota du eskuin muturrak haien aurka jarritako helegiteetako bat, eta, ondo bidean, Alemaniako Gobernuak berretsi ahal izango ditu

Frank Walter Steinmeier Alemaniako presidentea. CLEMENS BILAN
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko apirilaren 21a
12:12
Entzun

Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak ez ditu onartu bere herrialdean Next Generation funtsen aurka aurkezturiko helegiteak, eta, ondo bidean, gobernuak ez du oztoporik izango haiek berresteko. Alemaniako bi ganberek funtsa onartu zuten martxoaren 25ean eta 26an, baina Bernd Lucke Alternative für Deutschland eskuin muturreko alderdiaren fundatzailearen inguruko abokatu multzo batek premiazko helegite bat jarri zion erabakiari. Hasieran, Auzitegi Konstituzionalak prozesua eten zuen —FrankWalter Steinmeier presidentearen sinadura falta zen bakarrik—, eta orain tramitea bukatu ahal izango da.

Europako Batasuneko partaideek debekatua dute elkarrekin zorra onartzea, eta akordio horretan oinarritu zuten helegitea abokatuek. Alemaniako Gobernuak eta Europako Komisioak, berriz, lege horrek hainbat salbuespen dituela argudiatu zuten epaitegian. Salbuespen horietako baten arabera, herrialdeek elkarrekin zorpetzeko eskubidea dute hondamendi naturalei edo ezohiko gertaeren ondorioei aurre egiteko.

Horrenbestez, Alemaniak orain dagokion diru kopurua bideratu dezake funtsetara. Halere, oraindik beste egitasmo baten inkonstituzionalitate salaketa epaitu behar du, zeinaren arabera funtsek auzitan jarri baitezakete Alemaniako parlamentuak duen aurrekontuen inguruko autonomia. Konstituzionalak, dena den, gaurko ebazpenean ulertarazi du «oso litekeena» dela salaketa horrek dioena hala ez izatea.

Next Generation 625.000 milioi euroko funtsa da, eta herrialdeen artean banatuko dute, COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko. Horien zati bat mailegu gisa banatuko da, eta estatuek itzuli egin beharko dituzte. Herrialdeek zor publikoa zabalduz hornitu dute funtsa, eta Europako Batasuneko 27 herrialdeek berretsi beharra daukate. Hori oztopo izan daiteke, Polonia eta Hungariako parlamentuetan trabak jartzen ari baitira.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.