Athletic 2-1 Atletico Madril

Iñigo Martinezen golak garaipena eman dio Athletici, liderraren aurrean

Marcelino Garcia entrenatzaileak esan zuen jokalariek oraindik ez dutela gainditu Espainiako Kopako bi porroten «dolua».

Iñigo Martinez gola ospatzen, Iñaki Williamsekin. JAVIER ZORRILLA
Edu Lartzanguren.
2021eko apirilaren 26a
08:45
Entzun

Goiz hasi eta berandu amaitu zuen lana atzo Athleticek. Partida hasi eta zortzigarren minutuan, taldea aurreratu zuen Alex Berenguer nafarrak, buruz. Hortik aurrera, abantailari eusten saiatu ziren bilbotarrak, baina Madrilgo taldeak 77. minutuan berdindu zuen, Stefan Savicek sartutako golarekin. Partida berdinduta amaituko zela ematen zuela, Iñigo Martinezek zulatu zuen Atletico Madrilen atea, 86. minutuan.

Etxean irabazi arren, nabarmentzeko emaitza da Athleticentzat, madrildarrak Espainiako Ligaren buru baitira, bi puntu ateratzen baitizkiete Real Madrili eta Bartzelonari. Athletic hamargarrena da sailkapenean, 41 punturekin, eta zortzi puntu beharko ditu Europarako sailkatzeko.

Marcelino Garcia Athleticen entrenatzaileak gazteen aldeko apustua egin zuen: Villalibre, Morcillo eta Sancet zelairatu zituen, eta ondo atera zitzaion. Izan ere, Sancetek abiatu zuen lehenengo gola ekarri zuen jokaldia. Capari pasatu zion baloi luzea, eta hark emanikoa Felipek desbideratu zuen Berenguerreren burura. Ligako zortzigarren gola izan zen nafarrarentzat.

Bigarren gola sartzeko zorian egon ziren bilbotarrak, baina epaileak ez zuen Sanceten eta Berenguerreren jokaldi bat amaitzen utzi, eta Oblaken falta ebatzi zuen.

Atletico Madril esnatu egin zen gero, eta hainbat korner lortu zituen, baina ez zuen gol aukera argirik sortu.

Ander Capak min hartu zuen lehenengo zatia amaitu aurretik.

Bigarren zatian, etengabe saiatu ziren madrildarrak atea zulatzen, baina ez zuten asmatu. Athleticek ere eduki zituen aukerak, baina ezin.

Partida irauli nahian, hiru aldaketa egin zituen Simeone Atletico Madrileko entrenatzaileak: Lemar, Joao Felix eta Luis Suarez zelairatu zituen. Baina ez ziren gauza izan arriskua sortzeko; bai, ordea, jokoan nagusitzeko.

Korner batean lortu zuen Savicek berdinketaren gola sartzea.

Baina Athleticek madrildarren erasoaldia eten zuen. Ibaik ateratako kornerrean, baloia buruz jo zuen Martinezek, sarera.

Espainiako Kopako porrotak gogoan eduki zituzten atzo Athleticeko jokalariek. «Kolpe gogor samar batzuk hartu ditugu, eta egoerari ahalik eta azkarren buelta emateko beharra» zegoela nabarmendu zuen Martinezek, eta «hau zen hori egiteko partida. Hil edo biziko hiru puntu dira».

Marcelino Garcia pozik zegoen partidaren ostean: jokalariengatik pozten zela esan zuen, «gaizki pasatu dutelako». Kopetako porroten «dolua» oraindik ez dutela gainditu esan zuen entrenatzaileak, baina jokalariak profesionalak direla eta gainditu egingo dutela nabarmendu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.