San Prudentzio eguneko tradizioak omenduko dituzte Gasteizen

Aurten jairik egongo ez den arren, «tradizioa omentzeko» deia egin du aldundiak. Herritarrek aukera izango dute 'streaming' bidez ohiko erretretak eta bestelako ekitaldi batzuk ikusteko.

San Prudentzio eguneko erretreta, 2016. urtean. JUANAN RUIZ/FOKU
jone arruabarrena
2021eko apirilaren 27a
12:56
Entzun

Arabarrentzat egun handia da apirilaren 28a: San Prudentzio eguna da. Armentiako landak jendez bete ohi dira, festa giroan. Baina bezperako eguna ere berezia izaten da: hurrengo eguneko festari dei egiten baitiete erretretaren bidez, tronpeten soinuaren eta danborradaren laguntzaz. Aurten ez da festarik egongo, ordea, baina tradizioari eutsiko diote arabarrek, eta, horretarako, egoerara moldatuko dute ospakizuna: izan ere, Arabako Foru Aldundiak egitarau berezi bat antolatu du San Prudentzio egunaren bueltarako. Egun handia oroitzeko beta izango dute horrela, baita haren bueltan dauden bestelako ohiturez gozatzeko aukera ere, festa egon zein ez barraskiloak eta perretxikoak ez baitira faltako herritar askoren mahaietan.

Gaur emango zaio hasiera programazioari, 19:00etan. Udal Folklore Akademiak eta Indarra Dantza Taldeak ordubeteko ikuskizuna eskainiko dute Felix Petite antzokian. 150 pertsonak baino ezin izango dute zuzenean ikusi, baina gainontzeko herritarrek Internet bidez ikusi ahal izango dute ekitaldia.

[YouTube]https://youtu.be/GsP2N2VVIY4[/YouTube]

21:00etan, berriz, aldundiak Iradier Arenan antolatutako erretreta hasiko da, eta hori ere streaming bidez ikusteko aukera izango da. Agertokian zuzenean egingo den ekitaldiaz gain, Arabako leku esanguratsuetan grabatutako tronpeta deiak ere proiektatuko dira. Horrez gain, bestelako emankizunez gozatzeko aukera izango da: besteak beste, Iñaki Palacios musikariaren kontzertua, euskal dantzen ikuskizuna eta Gasteizko danborradaren erakustaldia izango dira zezen plazan.

Etxeratze aginduaren ondoren, 22:15ean, balkoietan danborra jotzeko deia ere egin du diputazioak. Gasteizen, herritarrak leiho eta balkoietara aterako dira danborrekin, eta elizetan jarriko dituzten bozgorailuen bidez jarraitu ahal izateko dute zuzeneko musika; Gasteizko Danborradako Gastronomia Elkarteen Taldeak zuzenduko du, ordu erdiz.

Bihar, berriz, 09:00etan emango zaio hasiera egunari, ohiko zortzikoarekin. Probintzia plazan izango da ekitaldia, baina herritarrak ezin izango dira bertaratu; itxita egongo da. Armentiako landak ere zedarrituta egongo dira, eta sarrera eta irteera ere mugatuko dute. Inguruko kaleetan, Udaltzaingoa eta Ertzaintza arituko da zirkulazioa kontrolatzen.

[YouTube]https://youtu.be/vbQwvwoKOe4[/YouTube]

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.