Zinema

'Apaiz kartzela', abadeen borrokaren kronika

Donostiako Giza Eskubideen XVIII. Zinemaldian estreinatuko dute ‘Apaiz kartzela’ dokumentala, bihar. Frankismo garaian Zamoran preso izan zituzten elizgizonen kasua kontatzen du, haien lekukotzen bidez.

Ritxi Lizartza zuzendaria, eta dokumentaleko protagonistetako bi, Josu Naberan eta Xabier Amuriza, Donostian egindako aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2021eko apirilaren 28a
18:53
Entzun

Duela mende erdi preso egon ziren lekura itzuli dira. Aske oraingoan, eskuburdinik gabe, beren borondatez, gogotsu. Aldatuta aurkitu dute Zamorako (Espainia) espetxe zaharra, frankismo garaian apaizentzako kartzela izan zena; hutsik dago gaur egun, leihoak hautsita, pintaketaz josia, sasitzak hartua. Eta, halere, erraz ezagutu dituzte behinola ibilitako korridoreak, gatibu izan zituzten ziegak, ihes egiteko tunela zulatu zuten gunea... Ez baitituzte ahazteko han bizi izandakoak. Apaiz kartzela dokumentala grabatzera itzuli ziren kartzela hartara Josu Naberan, Xabier Amuriza eta beste bi elizgizon ohi, eta une horren irudiak ageri dira filmean, besteak beste. Protagonisten lekukotzen bidez kontatu dute kartzela haren istorioa Ritxi Lizartza, Oier Arantzabal eta David Pallares zuzendariek, eta, hala, baita frankismoaren zapalkuntzari aurre egin zioten apaizen borrokarena ere. Bihar estreinatuko dute lana, Donostiako Giza Eskubideen XVIII. Zinemaldian, Antzoki Zaharrean, eta filmeko lantaldeko kideekin batera, protagonistetako batzuk ere bertan izango dira.

Dokumentala lantzen hasi arte auzia ezezaguna zitzaiola azaldu du Lizartzak filmaren aurkezpenean, Naberan eta Amuriza alboan zituela. «Javi Barajasena izan zen ideia, eta gurekin partekatu zuenean, harrigarria izan zen niretzat». Garrantzitsua iruditu zitzaion gaiari heltzea, memoria historikoa berreskuratze aldera, «kartzela honen istorioa kontatu gabe zegoelako; hein handi batean ezezaguna delako, eta frankismo garaian irekita egon zen urteetan ere, 1968tik 1976ra, oso gutxik zekitelako existitzen zenik». Gainera, kartzela berezia izan zen hura: «Munduko kartzela bakarra da apaizentzat sortua, eta han egon ziren apaizek era askotako zigorrak jaso zituzten frankismoaren zapalkuntza eta gehiegikeriak salatzeagatik».

Izan ere, Francok eta Vatikanoak 1953an sinatu zuten konkordatuaren emaitza izan zen espetxe hura. Hitzartu zutenaren arabera, atxilotutako apaizek bertan bete beharko zuten ezarritako zigorra, beste presoengandik aparte, gune berezi batean.

Alberto Gabikagogeaskoa izan zen kartzela hartan sartzen lehena, 1968an. Eta haren atzetik joan ziren heltzen Amuriza, Naberan, Jon Etxabe, Julen Kaltzada, Nikola Telleria, Martin Orbe, Felipe Izagirre, Juan Mari Zulaika, Pedro Berrioategortua, Periko Solabarria, Lukas Dorronsoro... eta beste elizgizon ugari. Torturak jasan ostean haietariko asko; errepresioa eta giza eskubideen urraketak salatzeagatik beste asko. 1976. urtera bitarte, 53 apaiz izan ziren preso han uneren batean edo bestean; euskal herritarrak izan ziren gehienak, 45 inguru, baina izan zen atxilo hartutako abade katalan, galiziar eta madrildarrik ere, besteak beste. Horietatik 30 baino gehiago elkarrizketatu zituzten dokumentalerako, baita preso egon ez baina auziarekin lotura izan zuten hainbat lagun ere, eta haien guztien lekukotasunak dira filmaren oinarria.

Prozesua «oso luzea» izan dela adierazi du Lizartzak; orain sei urte egin zituztela lehen elkarrizketak, dokumentazio lan handia ere egin zutela, eta kartzelara filmatzera sartzeko baimena lortzea ez zela erraza izan. Baina oso pozik daude lana osatzea lortu izanarekin, baita jaialdian estreinatzearekin ere. Xabier eta Martin Etxeberriak, Miel Angel Elustondok eta Jon Mikel Aldanondok idatzi zuten gidoia, Maialen Sarasuak landu zuen edizioa, eta Kote Camachoren animazio lanak eta Joserra Senperenaren musika ere badaramatza dokumentalak.

Inplikazioa eta koherentzia

Kartzelara eraman zituzten aldarriak, herri mugimendua, tortura, errepresioa, elizarekiko harremanak, ihes egiteko zulatu zuten tunela, bakarraldiak, protestak... Urte haietako eta kartzela hartako borrokaren kronika osatzen dute dokumentaleko protagonisten testigantzek. Zamorara filmatzera itzultzea esperientzia hunkigarria izan zela azaldu dute bai Amurizak eta bai Naberanek, eta orduko bizipenak ekarri dituzte gogora. Garai hartako giroaz eta mugimenduaz mintzatu da Amuriza. «Guretzat, hau garai eta ekintza kolektibo handi baten adierazgarri da». Haren esanetan, frankismoaren aurkako erantzunak pizkunde edo gorakada bat izan zuen 1960ko eta 1970eko urteetan, eta apaizen ekarpena «olatu handi horren barruan sartzea» izan zen. «Gu antifrankistak baginen, baina batez ere, gu eta inguruko mugimendu guztia, Euskal Herriaren eskubide politiko, sozial, kultural eta linguistikoen defendatzaile izan ginen».

Dokumentalarekin, «memoriaren sua piztea» lortu dutela goraipatu die Naberanek egileei, eta beharrezkotzat jo du hori oraina ulertzeko eta etorkizunari buruz gogoeta egiteko. Izan ere, historiaren edo zibilizazioaren «bidegurutze batean» ikusten du egun mundua. «Eta bidegurutze horretan, faltan sumatzen dut 1960ko hamarkadako mugimendua». Egoera aldatzeko, Europako ezkerreko alternatiba baten, epe luzerako estrategia baten falta ere sumatzen duela gaineratu du, eta «berriro prest» daudela ekarpena egiteko.

Hain zuzen, «inplikazio eta koherentzia» hori izan da Lizartzari filma ontzean arreta handiena eman diona: «Apaiz haiek, 25-30 urte zituztela, beren burua inplikatu zuten gizarte osoaren giza eskubideen defentsan, ez dute demostratu beharrik, eta 50 urte geroago berdin jarraitzen dute. Denek. Jende honen inplikazioa eta koherentzia izan da zirrara handiena eragin didana». Haiek jasan zuten sufrimenduaren aitortzarik ez dutela «batere» izan ere nabarmendu du zuzendariak.

Biharko emanaldiaren ondotik, egileek beste hainbat jaialditan ere aurkeztu nahiko lukete dokumentala, eta, ondoren, Euskal Herriko hiriburu eta herrietan ikusgai jarri, baita Madrilen eta Kataluniako eta Galiziako beste hiri batzuetan ere. Bateko eta besteko emanaldien ostean, protagonistekin solasaldiak egiteko aukera ere buruan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.