Enpresak

Donostiako Ikor enpresa Belgikako talde batek erosi du

Urtebetean bi aldiz aldatu dute jabetza. 750 langile inguru ditu; heren bat, Euskal Herrian.

Ikorrek Donostian duen egoitza. BERRIA
jokin sagarzazu
2021eko apirilaren 29a
12:58
Entzun

Connect Group Belgikako taldeak Ikor euskal enpresa erosi du. Zirkuitu elektronikoak diseinatu eta fabrikatzen ditu Ikorrek, eta Donostian du egoitza. Han dauzka ekoizpen planta bat eta zentro teknologiko bat, 272 langilerekin. Gainera, beste lantegi bat dauka Mexikon (250 langile), eta beste bat Txinan (273 langile).

Urtebetean bigarren aldia da Ikorren jabetza eskuz aldatzen dutena. Iaz, Ebm-papst Alemaniako taldeak erosi zuen osorik. Aurtengo otsailean 21 langile kaleratuko zituela iragarri zuen, arrazoi ekonomikoak argudiatuta.

Salmenta berria datozen egunetan itxiko dute. Ikor Connect Groupeko kide izatera pasatuko da, eta aurreko jabeak partaidetza minoritarioa izango du enpresaren akzioetan.

Marco Duarte Ikorreko arduradunaren hitzetan, «garrantzitsuena» da operazioak bi enpresei aukera gehiago emango diela bezero gehiago erakartzeko eta orain artekoei eskaintza zabalagoa emateko.

Connect Group 1987an sortu zen, eta produktu elektronikoen fabrikazioan aditua da. 2.000 langile inguru ditu, eta hainbat ekoizpen zentro ditu bost herrialdetan banatuta. Belgikan, Herbehereetan eta Alemanian ditu salmenta bulegoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.