LABek «borroka aro berri bat» abiatu nahi du, politika publikoetan eragiteko

Sindikatuak ohartarazi du azken hamarkadan lan eta bizi baldintzak «nabarmen» okertu direla, eta egoera konpontzeko «borondate falta» lepoartu die instituzioetako agintariei. Maiatzaren Lehenko mobilizazioetan parte hartzera deitu du.

Igor Arroyo eta Oihana Lopetegi, Donostian ostegun honetan eginiko agerraldian. LAB
jokin sagarzazu
2021eko apirilaren 29a
14:28
Entzun

LABek uste du instituzioak ez direla neurria ematen ari egun dauden erronka ekonomiko eta sozialen aurrean. «Borondate falta» leporatu die, eta, horren aurrean, mobilizatzea ezinbestekoa dela azpimarratu du. Larunbatean ospatuko den Maiatzaren Lehena «borroka ziklo berri baten adierazle» izatea nahi du.

Sindikatu abertzaleak bere lehentasunak zerrendatu ditu: enplegu politika publikoa, zerbitzu publikoen aldeko apustu irmoa eta politika fiskal berria. Igor Arroyo LABeko idazkari nagusiaren ondokoak agerraldia egin du Donostian, Oihana Lopetegi Ipar Hegoa fundazioko azterketa arduradunarekin batera, egungo egoera sozioekonomikoari buruzko Ikusmiran txostena aurkezteko.

Arroyoren arabera, egungo krisi ekonomiakoa «ez da orain sortu, ezta koronabirusarekin ere». «Aspalditik dator, gutxienez 2008tik». Gogoratu du urte horretatik aurrera euskal herritarren lan eta bizi baldintzak «nabarmen okertu» direla. Erakundeek egoerari buruz egiten dituzten analisiak salatu ditu. «Krisitik ateratzea ez dago BPGaren gorabeheren menpe, beste adierazle batzuen menpe baizik: soldaten zenbatekoa, erosteko ahalmena, gizarte zerbitzuen ratioak, etxebizitzaren batez besteko prezioa». LABeko arduradunak ohartarazi duenez, adierazle horiek hobetzeko, euskal erakundeak egiten ari diren politika publikoak aldatu behar dira.

Zerbitzu publikoei dagokienez, erakundeek «langileen osasuna, zaintza, hezkuntza, etxebizitza eta gizarte laguntzak» bermatu behar dituztela azpimarratu du. Arroyoren ustez, «lotsagarria» da pandemia hasi zenetik urtebetera osasun sistema publikoetan egindako «inbertsio eskasa» edo erakundeek osasun pribatuko baliabideen kontrol publikoa hartu ez izana. Halaber, zerbitzu publikoetako langileen artean dagoen behin-behinekotasun tasa handia salatu du.

Zerga sistema berria

Arroyok «politika fiskal berri bat» galdegin du, «enplegu politika eta zerbitzu publikoen garapena finantzatzeko». «Gehien dutenek gehiago ordaintzea, bidezkoa izateaz gain, beharrezkoa da egungo larrialdi egoeran», azpimarratu du.

Era berean, berretsi du lan erreforma bertan behera utzi behar dela, ez dela aski alor batzuk soilik aldatzea. «Confebaski eta CENi aurre egin behar zaie, erreformara jotzen ari baitira; ez da patronalarekin akordio merkeak lortzeko garaia, aurrez aurre jartzeko garaia baizik»

Horren guztiaren aurrean, eta «politika publikoen norabidea aldatzeko», Arroyok uste du «aktibazio soziala eta sindikala beharrezkoa dela. Testuinguru horretan, larunbat honetarako sindikatuak antolatutako 30 mobilizazioetan parte hartzera deitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.