Hezkuntza

Eusko Jaurlaritzak ehun eskola jazarpen atzeman ditu

2019-2020ko ikasturteko kasu gehienak (63) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean gertatu dira. Inoiz baino kasu gehiago aztertu dituzte: 795.

Datuak emateko egindako agerraldia, gaur goizean, Gasteizen. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2021eko maiatzaren 3a
11:26
Entzun

Eskola jazarpeneko ehun kasu identifikatu dituzte dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera. Gaur, hots, Eskola Jazarpenaren Aurkako Nazioarteko Egunaren biharamunean eman dituzte datuak Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eta Maite Ruiz hezkuntza ikuskari nagusiak. Ziurtatu dutenez, kasu gehiago identifikatzen dituzte ez jazarpena areagotu delako, baizik gero eta sentsibilizazio handiagoa dagoelako.

Hain zuzen, eskolako ehun jazarpen kasu atzematea lortu zuten 2019-2020ko ikasturtean, aurreko ikasturtean baino lau gehiago. Horietako gehienak (63) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan gertatu ziren, eta gainerakoak, Lehen Hezkuntzan. Haur Hezkuntzan, berriz, ez zuten eskola jazarpenik hauteman.

Kasu gehienetan ahozko erasoak eta bazterketa egon zirela azaldu dute, baina 25 haurrek eta gaztek ziberjazarpena ere jasan zuten. Arlo horri begira jarrita daude, Pedrosak adierazi duenez: «Ziberbizikidetza oso garrantzitsua da, eta aurreikusten ari gara formakuntza intentsibo bat datorren ikasturtera begira hezkuntza komunitate osoari luzatuko zaiona, gure digitalizazio planaren barruan».

«Zalantza txikiena» badago, aztertu

Azken urteetan gero eta bullying gehiago atzeman izana sentsibilizazio handiagoa egoteari egotzi diote, eta ez eskola jazarpena areagotu izanari. Gainera, gero eta kasu gehiago aztertzen dituztela ere nabarmendu dute; 795 kasutan jarri zuten arreta iaz, inoiz baino gehiagotan. Azkenean, aztertutako kasu horien %12,58 eskola jazarpena direla ondorioztatu dute. «Zalantzarik txikiena badago, kasua aztertu egiten da», azpimarratu du Pedrosak.

Bizikasi programarekin egindako lana ere mahai gainean jarri dute. Pedrosak azaldu duenez, prestakuntzan «asko» inbertitu dute, eta ikastetxe publiko guztietan ematen dute gaiari buruzko prestakuntza, baita itunpeko batzuetan ere. Gainera, programak antolaketan eta materialen horniketan egindako ekarpena ere nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.