Sevilla 0-1 Athletic

Garaipen handia, azken unean

Athleticek 0-1 irabazi du Sevillaren zelaian. Iñaki Williamsek sartu du gola, kontraeraso batean, partidako 91. minutuan  

ainara arratibel gascon
2021eko maiatzaren 3a
23:10
Entzun

Athetic gatza eta piperra jartzen ari zaio Espainiako Ligari. Iragan igandean Atletico Madrili irabazi zion, eta oraingo honetan garaipena lortu du titulurako borrokan dagoen beste talde baten zelaian: Sevillarenean. Ondo lehiatutako eta sufritutako garaipena izan da, 91. minutuan sartu baitu partidako gol bakarra Iñaki Williamsek, Oihan Sancetekin lotutako kontraeraso batean.

Lehen zati txukuna jokatu du Athleticek; ondo lehiatu da. Sevilla ahalegindu da, pase luzeen bidez, baloia alde batetik bestera mugitu eta bizkor ateratzen. Baina zuri-gorriek ondo eutsi diote, eta ahal izan dutenean saiatu dira erasora ateratzen. Villalibre izan da gehien saiatu dena, baina aparteko arriskurik sortu gabe.

Julen Lopetegiren taldeak gutxi behar du arriskua sortzeko, eta harenak izan dira lehen zatiko aukerarik argienak. Batez ere lehen zatiko azken 20 minutuetan, gehiago estutu du, eta En Nesiryk bi aldiz izan du gertu gola. Lehena, 23. minutuan, Acuñaren erdiraketa bat buruz bikain errematatuz. Baina hobea izan da Unai Simonen gelditua. Bigarren aukeran ere, atezaina azaldu da: buelta erdian egin du errematea Sevillako aurrelariak, eta Unai Simonek gelditu ona egin du, baloia gol arrastotik gertu ateraz.

Lehen zati horretan, albiste txar bat izan da: Raul Garciak zelaia utzi behar izan du, min hartuta. 14. minutuan izan da, eta Sancetek ordezkatu du. Giharretan arazoak zituen nafarrak, eta, lau partida falta direla kontuan hartuta, ikusi beharko da itzultzeko aukera ote duen.

Bigarren zatia joan-etorrikoa izan da, eta Villalibrek ia gola sartu du buelta erdian egindako erremate batean. Erritmoa bizia izan da lehen minutu horietan. Athletici ez zitzaion hori komeni, baizik eta jokoa geldotzea. Izan ere, sailkapenari begira behar gehien zuena Sevilla zen, Liga irabazteko borrokan baitago. Athleticen arazo nagusia izan da minutuak aurrera zihoazela, eta etxeko taldeak zuela jabetza, eta halakoetan gehiago antzematen duela gerora nekea baloiaren atzetik korrika aritzen denak.

Horren eraginez, Athleticek urrats bat egin du atzera, baita Sevillak gehiago estutu duelako ere. Lopetegiren taldeak bere zelaian sartu du Marcelinorena, eta hainbat korner jaurti ditu. Baina zuri-gorriek sufritzen jakin dute, eta eusten Sevillaren oldarraldiei. Gainera, Unai Simonek beste gelditu on bat egin dio En Nesiryri. Aurrean, gainera, Willliams anaien abiadura hor zegoen, etxekoen edozein huts aprobetxatzeko. Lehenik Nico izan da abisua eman duena, baina epaileak jokoz kanpo zegoela adierazi du. Gero, ordea, Iñakik ez du huts egin, eta garaipena eman dio Marcelinoren taldeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.