Irlanda

Berrogei urte Bobby Sands IRAko presoa gose greban hil zela

Preso politikoen estatusa defendatzeko eginiko protestan beste bederatzi preso hil ziren, 1981. urtean. Grebak asko indartu zuen IRAren irudia, Irlandan zein atzerrian.

Bobby Sandsen erretratua, Belfasteko Fall Roaden. PAUL MCERLANE / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko maiatzaren 5a
15:26
Entzun

«Ez badira gauza askatasunerako desira suntsitzeko, ez zaituzte apurtuko. Ez naute apurtuko; askatasunerako eta Irlandako herriaren askatasunerako desioa neure bihotzean dago». Galelikoz idatzitako hitz horiek izan ziren IRAko preso batek paperean jarritako azkenetakoak. Irlandako historia aldatu zuen heriotza batek 40 urte bete ditu gaur. Bobby Sands preso eta Erresuma Batuko legebiltzarkidea 1981eko maiatzaren 5ean hil zen, Belfasteko Maze espetxeko H formako blokeetan 66 eguneko gose greba egin ondoren. Hurrengo egunetan, beste hamar bat irakide hil ziren, Margaret Thatcherren gobernuarekin izandako deman.

Bobby Sands Belfasteko iparraldean jaio zen, Newtownabbeyn, familia katoliko batean, 1954. urtean. 18 urterekin, IRAko behin-behineko kide egin zen, eta urte horretan bertan atxilotu zuten. Etxean suzko lau arma ezkutatzea leporatu zioten, eta bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten. 1976an askatu zuten, eta berriz egin zuen bat talde armatuarekin. RUC Ipar Irlandako polizia unionistarekin edukitako tiroketa baten ostean atxilotu zuten, 1976an, beste lau kiderekin batera, eta, berriz ere, pistola bat edukitzeagatik zigortu zuten, 14 urtera.

Espetxean bi urte eman zituen, Irlandako ekintzaileei Londresek 1972. urtean onarturiko estatus bereziarekin. Horri jarraikiz, presook hainbat eskubide zituzten, besteak beste euren kaleko arropa janztekoa.

«Krimen bat krimen bat da; krimen bat da»

Baina, hamarkadaren erdialdean, Londresko gobernu laboristak erabaki zuen bi mila inguru presoei kutsu politiko oro kentzen saiatzea, eta, besterik gabe, gaizkile gisa aurkeztea. «Krimen bat krimen bat da; krimen bat da», mantra gisa esango zuen gero behin eta berriz Margaret Thatcher burdinazko dama ezizena irabazi zuen politikari eskuindarrak.

Beraz, Londresek erabaki zuen aurrerantzean preso errepublikanoek kartzelako uniformeak jantziko zituztela, eta bakarturik egongo zirela Maze espetxeko H formako blokeetan. Labirinto ezizenez ezagutzen zuten presook berez Long Kesh izen ofiziala zuen kartzela. H blokeak panoptiko gisa zeuden antolatuta, espetxezain gutxirekin ahalik preso gehien kontrolatzeko.

Presook, ordea, erresistentzia estrategia hasi zuten, estatus politikoari eusteko. Uko egin zioten uniformea janzteari, eta, arropak kendu zizkietenez, biluzik zeuden, gero gose grebaren ikur bihurturiko mantak baino ez zituztela soinean.

1978. urtean, garbitasun greba hasi zuten. Gordina bezain sinplea zen protesta modua: presook ez zuten komunik zeldetan; betebeharrak ontzietan egiten zituzten, eta horiek gero kanpoko komunetan husten zituzten. Grebarekin, ordea, euren gorozkiak paretetan zabaltzen hasi ziren, eta txiza zeldako ateko azpiko zirrikitutik kanporatzen.

H blokeetan, 400 preso baino gehiago hiru urtez bizi izan ziren euren gorozkien artean.

Komunitate katolikoaren buruek eta nazioarteko erakundeek ozen salatu zituzten presoen bizi baldintzak, baina Londresek ez zuen amore eman. 1979. urtean lehen ministro bihurtu zen Thatcher, eta laboristen politika gogorrari eutsi zion.

Orduan, 1980. urtean hasi zuten lehenbiziko gose greba, urriaren 27an, eta kalean jende asko mobilizatu zen presoen alde. Bazirudien arazoa konponbidean jarriko zela, Thatcherren gobernuaren ordezkariek akordio bat eskaini zietenean. Abenduaren 18an, bertan behera utzi zuten protesta.

Baina, urtarrilaren 9rako, Londresen ordezkariek atzera egin zuten, eta kaleko arropa janzteko eskubidea berriz ukatu zieten presoei.

Bobby Sandsek zortzi urte zeramatzan preso, eta H blokeetako presoek burutzat zeukaten. Martxoaren 1ean erabaki zuen gose greba hastea, eta «hil artekoa» izango zela ohartarazi zuen.

Legebiltzarkide hautatua

Katoliko askok presoen alde egiten jarraitu zuten kaleetan, eta haiek sostengatzeko aukera bat ikusi zuten urte horretako apirilaren 9an, egitekoak ziren hauteskundeetan. Erresuma Batuko Legebiltzarrerako ordezkari bat aukeratu behar zuten Irlandako Iparraldeko barruti bateko herritarrek, eta erabaki zuten grebaren buru Sands hautagai gisa aurkeztea, presoen eta protestaren ordezkari gisa. Estrategiak funtzionatu egin zuen, besteak beste, beste alderdi nazionalistek hautagaiak erretiratu zituztelako, botoa ez sakabanatzeko. Sandsek 1.400 boto baino gehiago atera zizkion hautagai unionistari.

Garaipenak oihartzun handia eman zion grebari. Baina, ordurako, Sands oso ahulduta zegoen. Orduko hedabideek zabaldu zutenez, 44 kilo baino ez zituen grebaren 54. egunean.

Maiatzaren 5an hil zen Sands, labirintoko erizaindegian.

Bi egun geroago lurperatu zuten, Belfasteko Milltowneko hilerrian, Irlandako banderan bilduta. Hileta mugimendu errepublikanoaren indar erakustaldia izan zen: 70.000 eta 100.000 pertsona artean bildu ziren hilerrian. Hurrengo egunetan, beste bederatzi preso hil ziren: Francis Hughes, Raymond McCreesh, Patsy O'Hara, Joe McDonnell, Martin Hurson, Kevin Lynch, Kieran Doherty, Thomas McElwee eta Michael Devine.

Horietako batzuk gogora ekarri zituen Hertzainak taldeak No Time for Love abestian.

Greba urriaren 3an amaitu zen, presoen senideek eskatu ondoren. Urrian, euren arropa eman zieten presoei, eta bestelako eskubideak itzuli zikieten.

Sandsek hasitako protesta mugimenduak sekulako bultzada eman zion IRAri, Irlandan bezala, nazioartean ere.

Hurrengo hamarkadetan 3.500 pertsona baino gehiago hil ziren gatazkan. Ostiral Santuko itunak 1998an zabalduriko bidean, Bobby Sands kide izan zuen erakundeak, IRAk, kanpaina armatuaren amaiera iragarri zuen 2005eko uztailaren 28an.

Sinn Fein alderdi errepublikanoak Sands eta haren kideak gogoratu ditu gaur Twitterren zabalduriko mezu batekin: «Erresuma Batuko Gobernuaren kriminalizazio politika garaitu zuten: preso politikoak ziren».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.