Eskozia

Johnsonek goi bilera batera gonbidatu du Sturgeon, Erresuma Batuaren geroaz aritzeko

Hauteskundeen ondoren, herrialdeen arteko batasuna indartzeko asmoz gonbidatu ditu Johnsonek Eskoziako, Galesko eta Ipar Irlandako aginatariak bilera batera.

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa, hauteskundeetako emaitza ospatzen, atzo, Glasgown. ROBERT PERRY / EFE
Andoni Imaz.
2021eko maiatzaren 9a
12:24
Entzun

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak gutun bat bidali dio Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroari, hura «nazioen goi bilera» batera gonbidatzeko. Ordu batzuk lehenago, Sturgeonek mezu argi bat bidali dio Johnsoni, Eskozian independentismoak inoizko emaitzarik onena lortu eta gero: «Bigarren independentzia erreferenduma herrialdearen nahia da».

Sturgeoni ez ezik, Mark Drakeford Galesko lehen ministroari eta Arlene Foster eta Michelle O’Neill Ipar Irlandako lehen ministroei ere bidali die Johnsonek gonbidapena. Pandemiaren ondorenari begira jarri nahi du Johnsonek, «batasun eta kooperazio espiritua» indartzeko asmoz.

SNP Eskoziako Alderdi Nazionala gehiengo osotik aulki bakarrera geratu da, eta 64 eserleku izango ditu datorren legealdian, 2016an baino bat gehiago; Eskoziako Alderdi Berdea, berriz, sei diputatutik zortzira pasatu da, eta, hortaz, independentisten gehiengoa 69tik 72ra handitu da.

Johnsonek aitortu du herrialde horietako bakoitzak «bere ikuspuntuak eta ideiak» dituela, eta ez direla guztien inguruan ados jarriko, baina etorkizun «hobe» bat eratu nahi du haiekin batera.

Batasun mezu hori errepikatu du Michael Gove Kabinete ministroak ere Sky News-en egindako elkarrizketa batean. «Hobe lukete arreta elkartzen gaituzten gauzetan jarri, banatzen gaituztenetan jarri ordez», esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.