Patronala

Elkarrizketarako borondatea duela nabarmendu du Cebekeko presidente berriak

Carolina Perez Toledok bere aurrekoek markaturiko norabideari eutsiko diola aurreratu du aurkezpen hitzaldian. Elkartea zuzentzen duen lehen emakumea da

Carolina Perez Toledo, Cebekeko presidente berria. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko maiatzaren 12a
18:49
Entzun

Carolina Perez Toledo da ofizialki Cebekeko presidente berria. Gaur egin du lehen bilera kargu berrian, eta bere lehentasuna «Bizkaiko enpresen berpizkundea» dela esan du. Erakunde eta elkarteekin biltzeko asmoa eta «elkarrizketarako borondatea» duela nabarmendu du, eta Iñaki Garcinuño bere aurrekoak markaturiko norabidea jarraitu asmo duela. Lurraldeko patronal bateko buru izendatzen duten lehen emakumea da, eta aitortu du izendapena «mugarri bat dela», eta, era berean, tristea dela hori albiste izatea.

Bizkaiko enpresarien konfederazioak Euskalduna Bilboko jauregian egin du karguaren eskualdatze ekitaldia. Bertan, Perez Toledok aitortza publikoa egin die bere aurrekoei: «Jarraitu beharreko norabide egokia markatu dute». Elkarteko zuzendaritzan talde ona dutela azaldu du, eta aurki egingo dituzten bileretan ezarriko dituztela irizpideak. Hitzaldi kontinuista egin du, eta ez da espero iraultzarik luze gabe.

Aurkezpenean «elkarrizketarako borondatea» duela nabarmendu du, erakunde eta eragile guztiekin: «Nire aurrekoak izan dituen modu on berdinekin. Gauzak hitz eginda konpontzen direla uste dut, eta horrela izango da». Deigarria da hori esatea, Iñaki Garcinuño eta sindikatuen arteko harremana ez delako bereziki ona izan, eta Perez Toledok jasoko du orain. Nahi izanez gero, badu zeri buruz hitz egina. Bizkaiko sektore mailako 49 lan hitzarmenetatik lau bakarrik daude berrituta, eta beste 45 horietatik hogeik ez dute aurrerako eraginaren babesik.

«Ez luke albiste izan beharko»

Bizkaiko enpresek garai oso zailak bizi dituztela azaldu du, COVID-19aren «ziurgabetasunak» baldintzaturikoak. Euskadiko enpresa eta langileak «eredu» izaten ari direla esan du, eta hala jarraitu behar duela. Perez Toledoren hitzetan, garai hauetan Cebeken lana enpresei «irauten» laguntzea da, «pizkundea ahalik eta goizen hasteko». BPGk %0,2ko igoera apala izan du lehen hiruhilekoan, eta Cebeken itxaropen handia jarria dute txertaketak zerbitzu sektorean izango duen eraginean.

Perez Toledo da Euskal Herrian patronal bateko buru izendatu duten lehen emakumea. «Mugarri» bat dela nabarmendu zuen: «Ez luke albiste izan beharko. Erabaki postuetara iritsi gaitezen borroka egin duten emakume askori zor diet. Elkarte eta espresa askorentzat eredu izatea espero dut, baina ni honaino iritsi ahal izateko, berdintasunean sinesten duten Cebek bezalako elkarteak behar dira». Egun Cebekek 139 bazkide konpromisario ditu, eta 39 dira emakumeak; zuzendaritza batzordean, berriz, 32 kideetatik zazpi dira andrazkoak.
 

«Madril ez da eredu»

Perez Toledok ez zuen fiskalitatea aipatu, bai ordea Iñaki Garcinuñok asteartean, bere azken prentsaurrekoan. Madrilek duen zerga politika goratu zuen, eta horrek hautsak harrotu ditu. Horren harira, Itxaso Atutxa EAJko Bizkai Buru Batzarreko buruak erantzun argia eman dio Bizkaia Irratian: «Madril ez da eredu guretzat, eta ez dugu horrantz joko. OCDEk berak salatu du Madril paradisu fiskala dela, eta ez da gure helburua. Hemen enpresariek beste seriotasun bat dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.