Datuak

Beste 549 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

COVID-19a detektatzeko 12.000 proba inguru egin dira asteazkenean; horien %4,6 izan dira positiboak.

Antigeno testak Zarauzko (Gipuzkoa) osasun etxean. GORKA RUBIO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko maiatzaren 13a
12:49
Entzun

Intzidentzia egonkortzen ari da Hego Euskal Herrian. Hirugarren egunez jarraian, egun bakarrean zenbatutako COVID-19 kasu kopurua 500en bueltakoa izan da: zehazki, atzo 549 positibo detektatu zituzten Osasunbideak eta Osakidetzak. 11.907 diagnostiko proba egin ziren, eta, beraz, %4,6 izan zen positiboen ehunekoa. OME Osasunaren Munduko Erakundeak %5ean du ezarria izurritea kontrolpean edukitzeko gehienezko mugarria.

Hegoaldeko lurraldeak banan-banan aztertuta, Bizkaian atzeman zuten positibo gehien, beste behin ere: 276 izan ziren. Gipuzkoan 152 detektatu zituzten; Nafarroan, 92, eta Araban, 27.

Ospitaleetako presioa handia da oraindik, baina hasi da arintzen, apurka izanik ere. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, birusarekin eri diren 598 paziente daude Hegoaldeko zentroetan erietxeraturik. Apirilaren 5etik, kopurua ez da inoiz izan 600 lagunen langatik behitikoa, orain arte. Apaltzea aski nabaria da izurritearen laugarren olatuak utzitako daturik beltzenen aldean: apirilaren 26an 938 ziren ospitaleratuak.
ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan ere sumatu da beherakada. Azken datuen arabera, 175 gaixo daude unitate horietan; apirilaren 26an 230 ziren. Hala eta guztiz ere, larritasuna agerikoa da oraindik ere. Esaterako, aipatzekoa da Hegoaldean gaitzagatik erietxeratzen duten pertsona kopurua: Osakidetzak eta Osasunbideak 62 lagun ospitaleratu zituzten atzo. Halaber, azken hamalau egunetako batezbestekoa are handiagoa da: eguneko 73 ospitaleratu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.