ELAk eta LABek grebara deitu dituzte Gipuzkoako zahar etxeetako langileak

ELAk eta LABek maiatzaren 20rako deitu dute greba eguna, eta ELAk ekainaren 14rako ere egin du deialdia.

Gipuzkoako erresidentzietako greba egun batean jarritako pankarta, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko maiatzaren 13a
16:19
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiari «ez mugitzea» eta «langileekin biltzeko gai ez izatea» egotzita, ELA sindikatuak grebara deitu ditu Gipuzkoako zahar etxeetako langileak bi egunetarako; hain zuzen, maiatzaren 20rako eta ekainaren 14rako egin dute deialdia. LABek ere grebara deitu ditu Gipuzkoako egoitzetako langileak maiatzaren 20an. Helduen egoitzetarako sistema publikoa, doakoa, unibertsala eta pertsonak erdigunean jarriko dituena eskatu dute.

Beste deialdi bat eginda, orain arteko greba dinamikari eutsi nahi dio ELAk, «bizitza zaintzen duten langileak balioan jartzeko eta helduei kalitatezko zerbitzu bat emateko». Gipuzkoako zahar etxeetako «gatazka larritzen» ari dela azpimarratu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak «beste aldera begiratu», eta «ez duelako gaitasunik izan langileekin biltzeko, behin baino gehiagotan eskatu arren».

Egungo zahar etxe eredua ere ez dute begi onez ikusten: «Hain ondo dakite huts egindako zahar etxe eredu bat dela eta langileen menpe daudela, esplotatuta eta menperatuta behar gaituztela iraunarazteko».

Beste eredu baten eskean

LABek ere bestelako zahar etxe eredu bat bat defendatu du: «Helduen egoitzetako sistema publikoa, doakoa, unibertsala eta pertsonak erdigunean jarriko dituena izateko garaia da, eta hori lortzeko Gipuzkoako gizarte guztiaren parte hartzea ezinbestekoa da».

Sindikatuak gogorarazi du COVID-19aren pandemiak «modu bortitzean» jo dituela egoitzetako langileak eta egoiliarrak, baina, LABen hitzetan, egoerak berdin jarraitzen du langileentzat: 2012tik herrialdeko hitzarmenik gabe eta «nahikoa ez diren ratioekin». Gipuzkoako Foru Aldundiari zuzendu zaio LAB: «Zer gehiago gertatu behar da helduen egoitzetako sisteman aldaketak egoteko? Noiz hasiko da Gipuzkoako Foru Aldundia bere ardura onartzen eta behar diren pausuak ematen egoera alda dadin?». Sektoreko enpresei begira ere jarri da: «Gipuzkoar guztion diruarekin aberasten ari diren sektoreko patronalak eta enpresak noiz hasiko dira herrialdeko hitzarmenari dagokion garrantzia ematen?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.