Zaldibarko hondamendia

Jaurlaritzak gaur bertan utziko dio Joaquin Beltran bilatzeari

Gaur goizean iragarri Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak bertan behera utziko dituztela Joaquin Beltran bilatzeko lanak. Zabortegia egonkortzeko lanek, ordea, aitzinera jarraituko dute.

Iñigo Urkullu, Josu Erkoreka eta Arantxa Tapia Zaldibarko zabortegiko lanetan, apirilaren 29an. IREKIA
Edu Lartzanguren- Ainhoa Larretxea Agirre
2021eko maiatzaren 14a
07:10
Entzun

Zaldibarko zabortegia hondoratu zenetik 463 egun igaro direla, Joaquin Beltran langilearen gorpua topatzeko lanak bertan behera utzi dituela iragarri du gaur Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak: «Gaur bertan etengo da Joaquin Beltran bilatzeko operatiboa». Iñigo Urkullu lehendakaria atzo bildu zen Joaquin Beltranen familiarekin, eta orduan eman zion berria sendiari.

Erkorekak nabarmendu duenez, planifikazio «argi eta zehatz» bati jarraituz egin dituzte bilaketa lanak, baina ezin izan dituzte aurkitu Beltranen gorpuzkiak.«Tamalez, ez dugu helburua lortu», nabarmendu du Erkorekak. Bila zezaketen leku guztietan bilatu dutela nabarmendu du Erkorekak, eta gorpuzkiak ez aurkitzeko bi arrazoi egon daitezkeela argitu du: «Fenomeno kimiko larriak gertatu dira zabortegian, tenperatura eta beste faktore batzuk kontuan hartuta. Horrek esplika dezake zergatik izan duen arrakasta Sololuzeren gorpuzkiak aurkitzeko metodologiak eta ez bertzeak». Halaber, beste arrazoi bat ere gehitu du: «Ez dakigu Beltran zehazki non zegoen zabortegia behera erori zen unean».

Hain zuzen ere, hipotesi hori baieztatzen du prentsari emandako txostenak: istripuaren ondorioengatik eta metatutako hondakin tonen artean —horietako batzuk toxikoak— igarotako denboragatik gorpua disolbatuta egon daitekeela.

Egonkortzeko lanak, aitzinera

Zabortegia egonkortzeko lanek, ordea, aitzinera jarraituko dute; izan ere, oraindik ez da zabortegia behar bezala egonkortu, eta, beraz, hori egin artean lanean jarraituko dute. «Oraindik lan asko egiteko dago», nabarmendu du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburuak. Bi edo hiru hilabeteko lanak aurreikusi ditu, baina esan du ez dagoela presarik. «Zabortegia ez da inolaz ere berriz irekiko; hori argi geratu dadila», nabarmendu du. Egonkortze lanak bukatuta, Verter Recycling enpresaren ardura izango da zabortegia behin betiko zigilatzea.

Tapiak nabarmendu du Jaurlaritzak «modu subsidiarioan» hartu zituela bere gain bilaketa lan horiek, Verter-Recycling enpresak ez zuelako baliabiderik bilaketa eta egonkortze lanak bere gain hartzeko, baina Tapiak nabarmendu du ardura enpresarena dela. Hiru helburu izan dituztela nabarmendu du: «Zabortegian desagertuta zeuden pertsonak bilatzea, zabortegia egonkortzea, eta ingurumenari egindako kaltea gelditzea».

Azken bilaketa puntua

Duela bi aste hasi ziren azken ahalegina egiten, «gune beroa» deitu zutenean, hau da, Beltranen autoaren hondakinak topatu zituzten lekuaren inguruan. Apirilaren 29an, bilaketa lanak ikustera joan ziren Iñigo Urkullu lehendakaria, Erkoreka eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretarako sailburua.

«4. lur-erauzketaren 4. fasea, eraispenaren unean Joaquin Beltranen ibilgailua giltzak jarrita eta motorra martxan zegoen gunea», adierazi zuen orduan Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez. «Itxaropen guztiak hor jarrita» daudela gehitu zuten; eta, ezer aurkitu ezean, bilaketak etengo zituztela. Une hori heldu da, antza, haien arabera.

Hamahiru hilabete eta erdi joan dira Zaldibarko zabortegiko hondamendia gertatu zenetik. Bi langile harrapatu zituen luiziak: Alberto Sololuze eta Joakin Beltran. Sololuzeren gorpuzkiak iazko abuztuan topatu zituzten, eta Beltranenen bila segitzen dute. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Josu Erkoreka Segurtasun sailburua eta Arantxa Tapia Ingurumen sailburua zabortegiko lanetan izan ziren atzo. Azken lanak, alor geoteknikoari dagokionez, eremurik konplexuenean egingo dituzte, prentsa oharraren arabera.

Erabakia kolpe latza da langilearen familiarentzat. Otsailaren 6an, hondamendiaren urteurrenarekin, mobilizazioak egin zituzten hainbat herritan, jazotakoa gogorarazteko. Beltranen senideek orduan esan zuten: «Ez ditugu loreak zabortegi batera eraman nahi».

BERRIAk atzo argitaratu zuenez, zabortegiaren zigilatze sistemako akatsek eragin zuten luizia.

Iñaki Petxarromanen analisia: Segurtasuna, lokatz artean.

Sololuzeren gorpuzkiak, abuztuan

Iazko abuztuan 20an baieztatu zuten hiru egun lehenago zabortegian topaturiko hezurrak Alberto Sololuzerenak zirela. Hondamenditik sei hilabetera topatu zituzten, beraz. Zabortegiko baskularen azpian, 23 metro behera eginda aurkitu zituzten, eta DNA proben bitartez frogatu zuten Sololuzerenak zirela.

«Gure esker ona adierazi nahi diegu Albertoren bilaketan eta aurkikuntzan parte hartu duten guztiei. Nahiz eta oso egoera bereziak bizitzea egokitu, haiek ez dute etsi», adierazi zuten orduan Sololuzeren senideek. Halere, erantsi zuten Beltranenak aurkitu arte beren bakea ez zela «osoa» izango.

Iazko otsailaren 6an gertatu zen Zaldibarko luizia, eta lurpean gelditu ziren harrapatuta zabortegiko langile Beltran eta Sololuze. Erreskate lanak berehala abiarazi zituzten gorpuzkiak topatu dituzten gunean —baskularen alboan, B1 eremuan—, baina sei hilabete baino gehiago behar izan dituzte lehen aztarnak topatzeko. Izan ere, nahasmena sortu zen lehen egunetan, eta, gainera, amiantoa topatu zuten, suteak piztu ziren eta lurra ezegonkor zegoen. Ondorioz, beste gune batean hasi ziren induskatze lanak egiten. Iazko abuztuan topatu zuten aurreneko giza arrastoa: berna hezur bat oihalez inguratuta. Hasierako eremu horretan zegoen, baskularen alboan —bertan egiten zuen lan Sololuzek—, baina 23 metro egin behar izan zuten behera, eta 250.000 metro kubo zabor mugitu, giza aztarnak topatzeko. Ondoren, moteldu egin zituzten bilaketak, hondakinak «metroz metro» aztertzeko, eta egunotan gorpuzki eta objektu pertsonal gehiago ere topatu zituzten.

Gorpu bat edukitzeak «doluan laguntzen» duela adierazi zuten orduan senideek; ez baita gauza bera hori, ala senide bat desagertua izan. Oroitarazi zuten ez zutela nahi gorpua zabor artean galtzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.