Palestina

Israelek ehunka misil bota ditu Gazara, orain arteko erasorik luzeenean

Gazte bat ere etxe atarian eserita. Israelek hainbat etxebizitza suntsitu ditu azken egunetan. MOHAMMED SABER, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko maiatzaren 14a
09:51
Entzun

Dagoeneko 119 palestinar hil ditu Israelek. Ehunka etxebizitza erabat suntsituta daude, eta milaka dira desplazatuak. Zisjordania okupatuan, kolono israeldarrak palestinarren etxeetan sartu dira indarrez, eta gutxienez adingabe bat zauritu dute. Su-etena emateari uko egin dio Tel Avivek, eta Egiptoko bitartekaritza taldeak utzi egin ditu hori lortzeko negoziazioak.

Israelgo Gobernuak lurreko erasoaldia noiz hasiko duen zain, orain arteko gaurik okerrena igaro dute Gazako herritarrek. Bonbardaketak etengabeak izan dira gauean, eta 119 dira dagoeneko hildakoak —horietatik 31 haurrak—, ehunka zaurituak, eta milaka etxerik gabe geratu direnak. Gaza iparraldeko Beithanun barrutia, esaterako, ia erabat suntsituta utzi dute Israelgo armadak jaurtitako misilek. Goizaldean ez da hobetu egoera, eta orain arteko erasoaldirik gogorrena egin du Israelek.

Gazako mugaren beste aldean pilatutako artilleria unitateek 550 jaurtiketa baino gehiago egin dituzte, eta, bitartean, gerra hegazkinek gutxienez 450 misil bota dituzte Gazako milizien kontrolpeko guneen kontra. Lurralde okupatuko tunel sistema suntsitzea izan da helburua, armadaren bozeramaile batek esan duenez, argudiatuta sistema hori erabiltzen dutela Hamaseko milizianoek euren postuetara iristeko.

 

Bien bitartean, Tel Avivek Gaza inguruetara bidali ditu milaka soldadu. Oraingoz, ordea, ez dute lurrez sartzeko agindurik eman. Atzo Hidai Zilberman bozeramaileak adierazi zuen Gaza inbaditzeko plan bat aurkeztekoak zirela, eta Israelgo Gobernuaren Segurtasun Kontseilua iluntzean elkartu zen planaz erabakitzeko. «Azken hitza ez dugu esan operazio honetan, eta beharrezkoa denean soilik amaituko da», adierazi duen Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroak, bileraren ostean. Zenbait hedabidek goizaldean zabaldu dute Israel hasia zela Gaza inbaditzen, baina informazio hori gezurtatu egin du armadak. «Barne komunikazioan huts egite bat» izan dutela azaldu du Jonathan Conricus bozeramaileak.

Hamasek jaurtikitako suziriei erantzuteko hasi zuen Israelek Gazaren aurkako bonbardaketa, eta argudio horrekin eutsi dio erasoaldiari bost egunez. Orain arte, uko egin die nazioartearen bitartekaritza proposamenei eta erasoak gelditzeko eskaerei, besteak beste, AEBetako Gobernuaren babesa izan duelako hasieratik, eta berriki jakin da gauza bera egin duela Egiptok egindako azken proposamenarekin. Herrialde horretako bi funtzionariok atzo anonomikoki jakinarazi zuten Tel Avivera joanak zirela, Israelekin su-eten bat negoziatzera, aurrez Hamasekin bildu ondoren. Bada, ordezkaritza horrek alde egin du gaur hiri horretatik, Egiptoren iturriek Efe berri agentziari adierazi diotenez. Sustatutako «ekinaldi eta mediazio saiakera» orori ezezkoa eman dio Tel Avivek, jakinarazi dutenez, eta Hamasen aurkako operazioarekin jarraitzeko asmoa berretsi dute: «Argi dago Israelek helburu zehatzak dituela Gazako Zerrendaren aurkako erasoarekin, hala nola erresistentzia palestinarraren eta, bereziki, Hamasen gaitasun militarrak suntsitzea eta haien buruzagien kontra egitea. Horiek lortu nahi ditu su-etena eman aurretik».

Horrekin batera, Efek kontsultatutako iturriek azaldu dute Israelek garrantzi handia eman diola Gazan abiatu asmo duen lurreko operazioari. Zehaztu dute balitekeela gaur gauean hastea, Aid al-Fitr ospakizunaren egun berean, zeinean ramadanaren amaiera ospatzen baitute musulmanek. "Horren ostean, baliteke negoziazioetara itzultzea", esan dute. Halaber, Egiptoren iturrien arabera, gatazka baretzeko gidaritza AEBek izango dute.

Joe Biden presidenteak defendatu egin du bart Tel Aviven erasoaldia, eta argudiatu ez dela izan «bereziki adierazgarria». Antony Blinken estatu idazkariak, berriz, berretsi du Israelek «bere burua defendatzeko eskubidea» duela, eta ohartarazi suziriekin egindako erasoak amaitu egin behar direla. Blinkenen esanetan, Washington prest legoke NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan auziaz hitz egiteko datorren astearen hasieran —gaur zuten bilera egitekoa, baina Etxe Zuriak atzeratu egin du—.

Hamasen kontrolpeko lurraldearen aurkako bonbardaketek ez dituzte eten suziriak, eta bart gauean ere dozenaka erori dira hesiaren beste aldera, haietako batek Ashkelongo etxebizitza baten aurka jo du, baina ez du zauriturik edo hildakorik eragin.

Hamasek protesta egitera deitu du gaurko hiri okupatuetan, Gazan eta Zisjordanian. Azken horretan ere, tentsioak nabarmen egin du gora. Ofra koloniaren inguruan, Israelgo armadak paletinar bat hil du, tiroz, argudiatuta hildakoak labana batekin eraso diela soldaduei. Kolono israeldarrak palestinarren etxeetan sartu dira indarrez hainbat hiritan, eta gutxienez adingabe bat zauritu dute.

Protestak ere izan dira Zisjordaniako hainbat hiritan, Gazaren aurkako erasoaldia salatu eta palestinarren aurkako jazarpena gaitzesteko. Israelgo jarduneko lehen ministro Benjamin Netanyahuk ohartarazi die herritarrei «Zisjordaniako istiluak arriskutsuagoak» direla Gazatik erortzen diren suziriak baino.

Netanyahu, eroso

Nazioartearen gehiegizko presiorik gabe eta AEBen erabateko sostenguarekin, eroso dago Netanyahu Gazako erasoaldiarekin, eta hori iradokitzen dute erasoak gogortzearen alde egin dituen adierazpenek. Krisi politiko betean dago Israel, gobernua osatu ezinda, eta fokua Gazan jartzeak mesede egin diola diote analista politiko askok. Baita azken orduetan izandako mugimendu politikoek ere. Izan ere, eskuin muturreko Yamina alderdiko buru Naftali Bennettek atzo gauean adierazi zuen ez duela babestuko Yesh Atid alderdiko Yair Lapidek bultzatu nahi duen gobernu aldaketa.

Reuven Rivlin presidenteak Lapidi eman zion gobernua osatzeko ardura, Netanyahuk eginbehar horretan porrot egin ostean, eta Bennett hasia zen harekin negoziatzen, bere proposamena babesteko. Gatazkaren gorakadak harengandik urrundu duela azaldu zuen atzo, ordea, eta azpimarra jarri zuen hainbat hiritan komunitate arabiarren eta juduen artean izaten ari diren liskarretan: «Bultzatzen ari den gobernu aldaketa ez da gai izango horri aurre egiteko». Gehitu zuen «batasun gobernu nazional zabal bat» osatzen saiatuko dela. Oposizioa bateratu nahi du Lapidek, eta horrek ultrakontserbadoreak eta alderdi arabiarrak elkartzea eskatzen dio. Indarkeriaren gorakadak zaildu egin du hori, ordea.

Bennettek esandakoei erantzun die Lapidek. Gehiengoa eratzeko lanean segituko duela ziurtatu du, eta Lapid «oker» dagoela nabarmendu. «Beharrezkoa bada, hauteskundeetara joango gara, eta irabazi egingo ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.