EHUren campusetan ez ezik, BECen, Ficoban eta Iradier Arenan ere egingo dute selektibitatea

EHUk ez du jakinarazi zer aukera emango dieten positibo izateagatik edo positibo baten kontaktu estua izateagatik konfinatuta dauden ikasleei. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleentzat, ohiko deialdia ekainaren 8, 9 eta 10ean izango da; ezohikoa, berriz, uztailaren 6, 7 eta 8an.

Ikasleak selektibitatea egiten, iaz, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko maiatzaren 14a
12:01
Entzun

Bigarren urtez jarraian, COVID-19ak baldintzatuko ditu aurtengo USE Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren azterketak ere. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak jakinarazi duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek unibertsitatearen ikastegietan ez ezik BECen, Ficoban eta Iradier Arenan ere egingo dute selektibitate esaten zaion proba. Ohiko deialdia ekainaren 8, 9 eta 10ean izango da; ezohikoa, berriz, uztailaren 6, 7 eta 8an. EHUk ez du jakinarazi zer gertatuko den positibo izateagatik edo positibo eman duen norbaiten kontaktu estua izateagatik konfinatuta dauden ikasleekin, baina Eusko jaurlaritzako hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek esan izan du ezohiko probara aurkeztu eta ohiko proba egin izan balute bezala kontatuko zaiela.

Toki zabalak aukeratzeaz gain, iaz egin bezala, hainbat segurtasun neurri hartuko dituzte: maskara etengabe erabiltzea derrigorrezkoa izango da, eta pertsona guztiek eskuak garbituko dituzte ikasgelara sartu aurretik, urarekin eta xaboiarekin edo sarreran ipiniko duten gel hidroalkoholikoarekin. Gainera, ordutegia berregin dutela azaldu dute, «higiene, osasun eta antolakuntza neurriak betetzen direla bermatzeko; besteak beste, ikasleen itxarote eta atseden tarteak hobetzeko». Materiala partekatu behar ez izateko, ikasle bakoitza arduratuko da azterketak egiteko behar duen material guztia eramateaz.

Aurreko urteko azterketan hartutako beste neurri bati ere eustea erabaki dute: azterketen berregituraketa mantendu egingo dute. Hau da, ikasleek ez dute osorik A edo B aukera egin beharko, eta aukera izango dute eredu bateko eta besteko galderak aukeratzeko, «modu ordenatuan eta galdera bakoitzaren puntuazioaren arabera». Laura Vozmediano EHUko Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordeak azaldu du neurria mantentzearen arrazoia: «Ikasturte honetan osasun larrialdiak ikasle gehienei aparteko egoera ezarri dienez, pandemiaren ondoren ezarritako azterketa eredu malguagoari eustea erabaki da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.