KPI-a

KPIak %2,5 egin du gora, energien prezioengatik

2018tik izandako hazkunderik handiena izan den arren, gainerako produktuetan egonkor mantendu da

Autoak, Gasteizko gasolindegi batean. ENDIKA PORTILLO (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko maiatzaren 14a
12:06
Entzun

Ekonomia mugitzen hasi da. Apirileko KPIa %2,5 igo da Hego Euskal Herrian, 2018ko urritik izandako daturik altuena da. Hala ere, ezin da esan ekonomia inflazio aldi batean sartu denik. Igoera elektrizitatearen eta gasolinen garestitzeari dagokio ia guztiz. Izan ere, erosketa saskiaren elementu lurrunkorrenetan, hala nola elikagaietan, iazko apirilean bezalatsu mantendu dira prezioak.

Gogoratu behar da 2020ko apirilean, konfinamendua zela eta, nabarmen garestitu zirela elikagaien prezioak, bereziki barazkienak eta frutenak. Eta horiek egonkor mantendu dira ordutik (%1,1 garestiago aurtengo apirilean), baita edarien eta jantzienak ere. Hoteletan eta jatetxeetan ez zen igoerarik izan, eta berdin mantendu dira, baina datozen asteetan alarma egoerarekin loturiko neurriak kentzearekin batera gora egitea aurreikusten da. Gauza bera aisialdiarekin eta kulturarekin.

Bestalde, elektrizitatearenak eta gasolinenak igo dira gehien iazko datuekin alderatuta: %11,3 Nafarroan, eta %10,3 beste hiru lurraldeetan. Azken urtean igoera handiena izan duen atala izan da. COVID-19ak eragin nabarmena izan du petrolioaren prezioetan, eta zenbait unetan hondoa jo du. Elektrizitateren prezioan ere gorabehera handiak izan dira urtean zehar. 

Horrek eragina izan du garraio zerbitzuetan. Apiril honetan joan-etorriak mugatuak egon diren arren, iaz baino mugimendu gehiago egon da, eta hori prezioetan nabaritu da:  %7,2 eta %7,7 igo dira, hurrenez hurren.

Jaitsi egin dira, berriz, komunikazio alorrekoak: -%4,7 eta -%4,6. Eta kultura eta aisialdikoak: -%1,2 eta -%1,5.

Martxotik apirilerako datuak kontuan hartuta, joera antzekoa da.  KPIa %1,2 handitu da, argindarraren, jantzien eta oinetakoen prezioek gora egin dutelako. Arropenak energiarenak baino gehiago, gainera, osasun krisiaren hoberanzko joerak kontsumorako gogoa piztuta: %8,5 igo dira prezioak Nafarroan, eta %10,3 beste hiru lurraldeetan. Energiak, berriz, %2,9 eta %3,7. INEk neurtzen dituen gainerako atal guztietan, berriz, antzera mantendu dira: ez da igoera nabarmenik izan apirilean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.