Albistea entzun

LGTBI-fobiaren Aurkako Eguna

Bi emakumek «sexu orientazioarengatik zeharkako diskriminazioa» pairatu zuten Ertzaintzarako probetan

Gasteizko epaitegi batek ebatzi duenez, Ertzaintzak hartu egin beharko ditu diskriminaturiko emakumeak. Eusko Jaurlaritzako Berdindu zerbitzuak adierazi du beharrezkoa dela «gure gizartean oraindik indarrean dauden diskriminazioen aurkako borroka sendotzea», LGTBIfobiaren Aurkako Egunaren harira.

Ertzaintzako 2020ko promozioari diplomak emateko ekitaldia, urte hartako irailean.
Ertzaintzako 2020ko promozioari diplomak emateko ekitaldia, urte hartako irailean. Adrián Ruíz Hierro / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2021eko maiatzak 17 13:08

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Administrazioarekiko Auzien Gasteizko 3. Epaitegiaren epai batek ebatzi du Ertzaintzaren 27. promozioko hautaketa prozesua gainditu zuten bi emakume diskriminatu egin zituztela. Ebazpenaren arabera, Ertzaintzaren partetik «sexu joeragatiko zeharkako diskriminazioa» egon zen.

Epaitegiak derrigortu egin du Segurtasun Saila bi emakumeak «gaitzat» ematera, eta praktiketako agente izendatzera.

Bi hautagaiek arrakastaz gainditu zuten hautatzeko prozesu osoa, baina atzera bota zituzten soziograma deituriko proban.

Duela bi urte egin zuen salaketa ELAk. Arkautiko Akademiako zuzendariari adierazi zion «oso gertaera larriak» jazotzen ari zirela 27. promozioa gainditu zuten ikasleen prestakuntza prozesuan. «Zuzenean zein zeharka genero, sexu aniztasun, jatorri edo beste mota bateko bereizkeriak» gerta zitezkeela ohartarazi zion. Sindikatuak salatu duenez, akademiak ez zituen arazoak zuzendu. Eusko Jaurlaritzaren aurrean ere salaketa egin zuen sindikatuak. Adierazi duenez, hark ere ez zuen ezer egin. Azkenean, auzitara jo zuten bi hautagaiek, eta haiek arrazoia eman diete.

Sindikatuak eskatu dio Barne Sailari epaia berehala betetzeko, akademiako ebaluazio zerbitzuaren arduradunak kargutik berehala kentzeko, hautaketa prozesutik soziograma baztertzeko, eta han den prestakuntzaren inguruko eztabaida zabaltzeko.

Sindikatuak salatu duenez, soziograma deritzon probak hautagaien arteko bazterketa bultzatzen du. «Generoagatik, sexuagatik, jatorri politikoagatik eta abarrengatik» diskriminatzeko modua ematen duela adierazi du. Galdetegi bat da soziograma. Horretan, hautagaiek euren kideen inguruko galderak erantzun behar dituzte; esaterako, norekin aterako zinateke patruilatzera?, edo norekin ez zenuke arrisku egoera batean egon nahi? ELAren arabera, proba «ezkutuko anaia handia» da, eta, diskriminazioari bide emateaz gain, «korporatibismoa eta lankideen arteko mesfidantza saritzen» ditu.

LGTBIfobiaren aurkako eguna

Gay, lesbiana, transexual, bisexual eta intersexualekiko gorrotoaren aurkako eguna ospatzen da gaur munduan. Horren harira, ohar bat plazaratu du Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Berdindu zerbitzuak.

Horretan, «berdintasunerako eskubidearen eta sexu orientazio eta generoagatiko diskriminaziorik ezaren alde lan egiten» jarraituko dutela adierazi dute.

Salatu dutenez, koronabirusaren izurriak eragin duen egoerak «eragin handia» eduki du kolektiboan, desberdintasun arrakalak handitu dituelako. Gogoratu dutenez, Nazio Batuen Erakundean ordezkaritza duten estatuetatik 69tan oraindik zigortu egiten dituzte sexu bereko helduen artean adostutako sexu ekintzak.

«Gaur egun, oraindik ere beharrezkoa da gure gizartean oraindik indarrean dauden diskriminazioen aurkako borroka sendotzea. Gizarte osoaren erantzukizuna, diskriminazio eta indarkeria mota guztien aurka borrokatzeko. Euskadi inklusiboa eta askotarikoa aldarrikatzen dugu, aniztasuna aztergai dugun esparrutik ulertuta, baina baita bere osotasunean ere».

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Herritar bat txertoa jartzen, Baionako txertaketa gunean. ©Guillaume Fauveau

Hego Euskal Herriko herritarrak Ipar Euskal Herrian txertatzeko irizpideak zehaztu dituzte

Berria

Iparraldean bizi behar da bertan txertoa hartzeko. Halere, lehen dosia Iparraldean hartu duten Hego Euskal Herritarrek bigarren dosia hartzen ahalko dute leku berean.

Euskarazko hezkuntzaren aldeko elkarretaratzea Nafarroako Parlamentuaren aurrean ©Idoia Zabaleta / FOKU

Euskaraz ikasi nahi dutela aldarrikatzeko, dozenaka lagun bildu dira Nafarroako Parlamentuaren aurrean

Olaia L. Garaialde

Uztailaren 2an Baluarte plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute LAB, Steilas eta ELA sindikatuek.

Heriotza duinaren lorratzetan

«Eskubideei buruz ari gara eutanasiaren gaiaz mintzo garenean»

Berria

Eutanasiari buruzko ikus-entzunezko berezi bat egin du BERRIAk: 'Heriotza duinaren lorratzetan'. Eutanasiari berari eta legeari buruz hitz egiten du, hiru elkarrizketaturen ahotik.

Zarauzko hondartza olatu handiekin. ©Andoni Canellada/ FOKU

Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldea itsas mailaren igoerara egokitu nahi dute

Iñaki Agirre Perez

Klima aldaketak Hegoaldeko itsasertzean izan ditzakeen ondorioei aurre egiteko plan bat garatzen ari da Jaurlaritza, 2100erako itsas maila 80 zentimetro igo daitekeela aurreikusita.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna