Txile

Independenteak eta ezkerra nagusi Txileko batzorde konstituziogilerako bozetan

Zerrenda bakarrean bilduta aurkeztu diren eskuineko alderdiek ez dute lortu eserlekuen herenak eskuratzea, eta 155 aulkitik 38 bakarrik lortu dituzte. Boto gehien jaso duen ezkerreko hautagaiari eginiko elkarrizketa argitaratu zuen BERRIAk larunbatean.

Botoak zenbatzen, bart, Santiagon. EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko maiatzaren 17a
11:53
Entzun

Emaitza onak lortu dituzte ezkerreko alderdiek, baina Txileko batzorde konstituziogilea osatzeko bozetan hautagai independenteak izan dira nagusi. Alderdien babesik gabe aurkeztu diren hautagaientzat izango dira eserlekuen ia herenak, 48. Botoen %96,2 zenbatuta, argi geratu da feminismoaren, ingurumenaren edo hezkuntzaren alde egin dutenek lortu dutela babes gehien.

Ezkerrean boto gehien jaso duen hautagaia Fernando Atria izan da, Indar Komuna mugimenduko presidentea. Hari eginiko elkarrizketa argitaratu zuen BERRIAk larunbatean: «Konstituzioa aldatzen ez den bitartean, egoerak berdin segituko du».

Bigarren tokian geratu dira ezkerreko alderdiak ordezkatzen dituzten bi zerrendak: 27 aulki lortu ditu Apruebo Dignidadek, eta 25 Lista del Apruebok. Eskuinak eskuratu du ordezkaritzarik txikiena: 38 eserleku. Zerrenda bakarrean aurkeztu dira eskuineko alderdi nagusiak bozetara, eta inkestek aurreikusten zuten ordezkarien herenak lortu zitzaketela, baina kopuru horretatik urrun geratu dira Augusto Pinochet diktadorearen garaiko konstituzioa erreformatzearen aurka egin zutenak. «Ez dago zalantzarik alde batetik besterako porrota dela gurea, eta horrek zer pentsatua eman behar liguke», aitortu du bart Mario Desbordesek, eskuineko Renovacion Nacional alderdiko presidentetzarako hautagaiak.

Hala, hautagai independenteek zehaztuko dituzte konstituzio berriak izango dituen lerro nagusiak, nahiz eta ezin izango dituzten erabakiak bakarrik hartu, ez baitituzte lortu horretarako behar diren bi herenak. Baina, haien proposamenak gehienbat ezkertiarrak eta aurrerakoiak izanik, pentsatzekoa da ezkerreko alderdien babesa izango dutela.

Batzar konstituziogileak urtebeteko epea izango du orain testu berri bat idazteko, eta, behin hura adostuta, erreferendumera eramango dute, herritarrek berretsi dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.