Telebista

TF1 eta M6 kate pribatuek bat egingo dute

Negoziazioak hasiko dituzte, eta datorren urtearen amaieran bat egitea gauzatzea espero dute. Erabateko nagusitasuna lortuko lukete Frantziako telebista pribatuan. Bi konpainien artean publizitate merkatuaren %70 inguru bereganatzen dute.

Jacques Essebag ekoizlea eta Gilles Pelisson TF1eko zuzendari nagusia. LUDOVIC MARIN / EFE
urtzi urkizu
2021eko maiatzaren 18a
11:48
Entzun

Frantziako telebista pribatuaren bi talde handienek bat egingo dute, eta merkatuan kasik monopolio bat sorraraziko dute. TF1 eta M6 kateek eta Bouygues eta RTL Group taldeek iragarri dute negoziazioei ekin dietela, eta bat egitea datorren urtearen bukaeran amaituko dutela. Kontuan hartu behar da doako telebista publizitate merkatuaren %70 bereganatzen dutela TF1 eta M6 kateen artean.
Frantzian ikus-entzule datuetan liderra da TF1 katea, aspaldidanik. Lurreko telebista digitalaren zabalkundearekin, konpainiak beste kate batzuk sortu zituen: gaur egun, TF1 jeneralistaz gain, beste lau kate ditu irekian, ordainpeko beste lau gaikako kate eta edukien bi plataforma Interneten. Konpainiaren negozio bolumena 2.100 milioi eurokoa da.
M6k, berriz, hamahiru telebista kate ditu, hiru irrati eta 30 hedabide digital. Irratien artean, nabarmentzekoa da RTL kateak lidergoa duela irrati pribatuen artean. Bere irratsaio guztiak podcast bidez entzun daitezke, eta Belgikako eta Flandriako eskualde batzuetan ere entzuten da FM bidez. Alemaniako Bertelsmann talde handiak kontrolatzen ditu M6ren akzioen ia erdiak, RTL Groupen bitartez. Edonola ere, Bertelsmannek urte honen hasieran iragarri zuen M6n dituen akzioak saltzeko asmoa zuela.

Sortuko den talde handi berrian, Bouyguesek kontrolatuko ditu akzioen %30, eta akziodun nagusia izango da. Bigarrena izango da RTL Group: akzioen %16 bereganatuko ditu.
Bat egitea gauzatzeko, Frantziako telebistaren kontzentrazio legeei aurre egin beharko die eta erakunde arautzaileen baimena beharko dute.

Sortuko litzatekeen irrati-telebista talde berriak 3.400 milioi euroko fakturazioa izango luke. Operazioak urtean 250-300 milioi euroren sinergiak eragingo lituzkeela adierazi dute bi taldeek. Ez dute azaldu, ordea, lantaldeekin zer gertatuko den edo kaleratzerik egongo den.

Negoziazioek hemezortzi hilabete iraun dezaketela iragarri dute. Epe horretan, telebista kate bakoitzak bere markarekin eta nortasun propioarekin jarraituko du. Negoziazioek fruituak emanez gero, bat egitetik sortuko den taldearen zuzendari nagusi Nicolas de Tavernost izendatuko dute. 21 urte daramatza Tavernostek M6 kateko presidente karguan. TF1eko zuzendari nagusi Gilles Pelisson, berriz, Bouygues taldeko zuzendari albokoa bilakatuko da. Bat egitea gauzatuko balitz, Frantziako telebista pribatuaren erabateko nagusitasuna izango luke talde berriak.

AEBetako mugimenduak
TF1 eta M6 telebisten iragarpena iritsi baino ordu batzuk lehenago, AEBetako AT & T konpainiak eta Discoveryk bat egingo dutela iragarri zuten atzo. Ikus-entzunezkoen erraldoi bat sortuko dute, eta streaming plataformen lehian murgilduko dira. Discovery PlusekĀ 15 milioi harpidedun ditu, eta HBO Max eta HBO plataformek 64 milioi harpidedun dituzte mundu osoan. Bat egiteak ez dira hor amaituko: gehiago etor daitezke epe laburrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.