Etiopia

OMEk dio Etiopia iparraldeko Tigray eskualdeko egoera «lazgarria» dela

Tedrosek kezka agertu du: «Kasu gehienetan, ez gaude ezta COVID-19az aritzeko moduan ere»

Tedros Adhanom Ghebreyesus OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendaria, artxiboko irudi batean. SALVATORE DI NOLFI / EFE
ander perez zala
2021eko maiatzaren 18a
20:15
Entzun

Etiopia iparraldeko Tigray eskualdeko egoera «lazgarria» da: milaka herritar gosez hiltzen ari dira; osasun zerbitzuak «erabat suntsituta» daude, eta bortxaketak «etenik gabeak» dira. Hori da Tedros Adhanom Ghebreyesus OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendariak egindako bilana iaz abiaturiko gatazka armatuaz aritzerakoan; Tedros bera Tigraykoa da, eta atzo nahiko kezkatuta agertu zen etxeko egoeraz: «Kasu gehienetan, ez gaude ezta COVID-19az aritzeko moduan ere, premiazkoagoak diren gauzak daudelako».

Iragan azaroaren hasieran, Etiopiako armadak operazio militar bat hasi zuen TPLF Tigray Askatzeko Herri Frontearen aurka. Abiy Ahmed herrialdeko lehen ministro eta Bakearen Nobel saridunak salatu zuen eskualde horretan egiten ari ziren ekintza «oldarkor eta ilegalek arriskuan» jartzen zituztela konstituzioa eta ordena konstituzionala, baita Etiopiaren subiranotasuna mehatxatzen ere; horren harira ezarri zuten larrialdi egoera, eta operazioa abiatu. Parlamentuak Tigrayko Gobernua desegiteko erabakia ere hartu zuen, eta hango legealdia «legez kanpokotzat» jo.

Harrezkero, Addis Abebaren aginduz, Etiopia iparraldeko eskualdea erabat bakartuta dago, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak ezin izan du laguntzarik eraman, gobernuak sarbidea debekatu baitio. Iragan martxoan, onartu egin zuen hango herritarrei laguntza humanitarioa helaraztea, baina oraindik ez da halakorik gertatu; gainera, Tigrayko zibilek ezin dute kanpokoekin komunikatu, besteak beste, Interneterako konexioa eten dietelako.

NBEk ere esana du Tigrayn gertaturikoak «gerra krimentzat» jo daitezkeela, hilabeteotan azterturiko informazioan eta bilduriko frogetan oinarrituta, eta azkenean Etiopiako Giza Eskubideen Batzordearekin ados jarri zen gatazkako «alde guztiek egindako ustezko giza eskubideen urraketak» batera ikertzeko. Oraingoz ez dute ezer adierazi horretaz.

Tedrosen arabera, bost milioi lagunek behar dute laguntza humanitarioa —zazpi milioiko biztanleria du—, «jende asko» hiltzen ari baita gosetearen ondorioz. Egoera horretan, COVID-19az gain, OMEk kezka agertu du kolera, elgorria eta beste hainbat eritasun kutsakorren kasuak ugaritu daitezkeelako.

Horretaz, Europako Batasunak iragan ostiralean salatu zuen laguntza humanitarioa «gerra arma» gisa erabiltzen ari zirela Etiopia iparraldeko eskualde horretan; OMEren Larrialdietarako zuzendari Michael Ryanek ere mezu bera helarazi zuen herenegun, adierazi baitzuen «Tigrayko biktimetara iristea ezin iragarrizkoa» dela. Etiopia iparraldean daudenez gain, kontuan hartu behar dituzte Sudanera ihes egin duten 60.000 bat zibilak.

Bozak, berriz atzeratuta

NEBE Etiopiako Hauteskunde Batzorde Nazionalak asteon erabaki du boz orokorrak bigarrenez atzeratzea, berez ekainaren 5ean egitekoak zirenak. Oinarrizko data iragan urteko abuztuaren 29a zen, baina orduan ere eguna aldatu behar izan zuten, koronabirusaren pandemiaren ondorioz.

Orain, NEBEk alderdi politiko guztiekin adostuko du hauteskundeen data berria, eta hori «gehienez hiru asteko epean» egitea espero du. Egun, Etiopiako lehen ministroaren Oparotasunaren Alderdiak du —zortzi alderdi elkartu ziren hura osatzeko— ordezkaritzarik handiena behe ganberan, 547 aulkitik 512 lortu baitzituen; gainontzeko 35ak TPLFrenak dira.

Aurtengo hauteskunde egutegiak, ordea, ez du bozik aurreikusten Tigrayrako. Eskualde horretan iragan irailean egin zituzten hauteskundeak, gobernu federalak ohartarazi zuen arren ez zituela onartuko; emaitza ofizialen arabera, TPLFk botoen %98 eta parlamentuko 152 eserlekuak lortu zituen. Gerora, Tigray Eskualdeko Kontseiluak hamasei diputatu eman zizkien oposizioko lau alderdiri.
Hauteskunde horietako emaitzak izan dira, hain justu, Etiopiako Gobernuaren argudioetako bat TPLFren kontrako gerra hasteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.