Lan gatazka

ELAk ez du onartu H&Mren akordioa, eta greba mugagabeari eutsi dio

UGT eta CCOO sindikatuek ituna egin dute arropa konpaniarekin, 920 langile kaleratzeko edo haien lanaldiak txikitzeko.

H&M katearen denda bat. BERRIA
xabier martin
2021eko maiatzaren 22a
16:34
Entzun

Espainiako sindikatuek atzo H&M multinazionalarekin lortutako akordioaren ostean, ELAk greba mugagabearekin jarraitzea erabaki du, «enpleguak galtzearen aurka». Donostiako COS H&M dendako emakume langileak lanuzte mugagabean daude maiatz hasieratik, eta enpleguei eusteko protestan jarraituko dute, beraz, Madrilen ituna egin duten arren. ELAk salatu du enpresak aurkeztutako espedientea ez datorrela bat krisi ekonomikoarekin. «Alderantziz: H&M enpresa, oro har, errentagarria da, 2019an ia 22.000 milioi euro fakturatu eta 1.270 milioiko irabaziak izan baitzituen».

CCOOk eta UGTk arropa konpainiaren kaleratzeei oniritzia ematea erabaki zuten, atzo, kalte ordainak adostu ondoren. Espainian, Katalunian eta Euskal Herrian, 1.066ko lantaldea 349ko bihurtzeko erregulazioa dauka mahai gainean H&Mk. UGTk esan du kaleratze kolektiboa borondatezko irteeren bidez egingo dela, pizgarriak lagunduta.

ELAk uste du enpresak aurkeztutako argudioak balekotzat jo dituztela Espainiako sindikatuek; «argudio horien arabera, estatu osoan 920 langile kaleratuko dituzte erabat edo partzialki, eta horietatik 47 Hego Euskal Herrian». Sinatzaileek enpresaren argudioak ontzat emanda ondoren, «etorkizuneko kaleratzeei ateak ireki» dizkiete, ELAren arabera. «Horregatik, borroka sindikalean jarraituko dugu, bai eta borroka juridikoan ere, enplegua defendatzeko eta enpleguaren prekarizazioa ez ahalbidetzeko».

Arropa denden geroa

Donostiako COS H&Mren itxierak eragingo dituen kaleratzeaz gain, Nafarroan ere eragina izango du Suediako konpainiaren enplegu murrizketak. Itaroa (Iruñea) merkataritza zentroan dagoen saltokiko hiru langileri %20 murriztuko diete lanaldia: 30 ordutik 24ra jaitsiko zaie; beste hainbeste gertatuko zaie La Morea zentroko dendako beste bi langileri. Kaleratze ez legezkotzat konpentsatuko dira galdutako orduak, UGTren arabera. Hego Euskal Herrian, guztira, zortzi dendari eragingo die H&Mren berregituraketak, eta 229 langilek dihardute horietan. Enplegua galtzeko bidean dauden langileak edo lanaldia murrizteko arriskuan daudenak 47 dira.

H&M kateak egingo duen kaleratze kolektiboa ez da kasu bakarra sektoreak. Aitzitik, Internet sareko salmentak asko igo dira azken urteetan, eta, pandemiak bultzatuta, komertzio elektronikoak aurrera auso handia eman du azken urtean. Inditex erraldoiak, esaterako, saltoki ugari ixteko plan bat martxan jarri du, sare bidezko salmentak hauspotzearekin batera. Euskal Herrian, ia 80 dira enplegua arriskuan dutenak Inditexeko dendetan. 2022rako, salmenten %25 sarean egiteko plana bete nahi du Amancio Ortegaren konpainiak, eta dendak ixteko azeleragailuari sakatu dio. Azkenak, adibidez, Eibarko Stradivarius eta Garberako (Donostia) Zara Home dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.