Albistea entzun

Bi tarte

Ezer gertatu izan ez balitz bezala

 
Mariñe Arbeo Astigarraga Tamaina handiagoan ikusi

Ane Labaka Mayoz, Mariñe Arbeo Astigarraga - Txakur gorria -

2021eko maiatzak 23 09:37

Ezer gertatu izan ez balitz bezala agurtu du, irribarrea ezkututzat hartuta, biek ezagutzen duten —eta beraien artean gertatu denari buruz ezertxo ere ez dakiela dirudien— hirugarren pertsona baten aurrean. Bazekien lehenago edo beranduago gertatuko zela. Orain parean daukanak ez zuela azken «utz nazazu behingoz bakean» hura errespetatzeko inolako asmorik eta, tamalez, bien lan esparruak berak nahiko lukeena baino askoz ere gertuago daudela elkarrengandik. Behin baino gehiagotan irudikatu izan du momentua; askotariko eszenatokiak imajinatu ditu, askotariko erreakzioak bere gorputzean. Herio batean ikusi izan du bere burua, amorruak bere bidea egiten zuen bitartean sentitzen eta pentsatzen zuen guztia oihukatuz, parekoari ezertarako tarterik utzi gabe.

Ez zuen aurreikusi, ordea, orain parean daukanak hirugarren pertsona baten konpainia balia zezakeenik normaltasun osoa antzeztuz bere ondoraino hurreratzeko. «Egun on, ederra dago eta! Zer moduz zaude?». Ez zuen aurreikusi orain parean daukanaren jokamoldea hain perbertsoa izan zitekeenik; horren fin neurtu zezakeenik noiz bai eta noiz ez, zenbateraino bai eta zenbateraino ez. Zementu lehortuak hartu dizkio zainak; izotzak larruazaleko ehun guztiak. Guztiz paralizatuta gelditu da.

Ezer gertatu izan ez balitz bezala agertu zen han, berak goizero-goizero hamaikak aldera ebaki bat eskatu ohi zuen tabernan. Tabernaria ezagun gisa definitzetik lagun gisa definitzera eraman zuen egunerokoak. Laneko zaratatik ihesi joan ohi zen berarengana. Eta on egiten zion ordu erdi inguruko su-etenak. Bigarren egunez jarraian barraren ertzean topatu zuenean ulertu zuen zertan ari zen tabernariarekin hain abegikor agertzen zen gizon hura. Goizetan hara joateari utzi zion. Badaki noizbait tabernaria topatuz gero kontatu egin beharko diola gertatutakoa. Berez ez zuen horretarako asmorik, baina behartuta sentitzen da orain. Kontatu ezean, gizonari emango dio enegarrenez arrazoi isiltasunak. Gaur, astearte eta ostegunero moduan kiroldegira zihoala, atariko bankuan topatu du, egunkari bat eskuetan zuela, patxadatsu. Bere presentziak aztoratuta isuri ditu lehen izerdi tantak. Bihar, akaso, bost urteko semea agertuko zaio piruleta bat eskuetan duela, poz-pozik, eta gozokia nondik atera duen galdetzean gizon batek oparitu diola kontatuko dio.

Ezer gertatu izan ez balitz bezala hitz egiten du. Ezer gertatu izan ez balitz bezala aipatu du neskaren izena berriro. Nik ezer jakingo ez banu bezala. Testuingurua baliatzen ari da bere alde; nire erantzun posibleak neutralizatzeko. Jende gehiago ere badago tartean, eta argi dauka ez dudala giroa zapuzteko ausardiarik izango. Niri buruzko zerbait aipatu du, gainerakoen belarrietan hutsala izan daitekeen zerbait, eta neskak kontatu diola gehitu du jarraian. Nik badakizkit elkarrekin zeuden bitartean neskari egindakoetatik batzuk; pasarte batzuen berri izanda neurtu dezaket nik ez dakidan beste guztiaren larritasun maila. Berak ere badaki nik badakidala. Badaki baietz, eta badakit. Badakit, ustez behintzat, jada ez daudela elkarrekin. Harremana etetea erabaki zuela neskak duela ez horrenbeste. Bigarrenez aipatu du neskaren izena. Oporretara joango omen dira elkarrekin, oraindik ez dakitela nora baina... Beste kide batek furgonetarekin joateko moduko bi leku proposatu dizkio. Isilik geratu naiz; nahasita. Neskaren izenak oihartzun egiten dit oraindik barruan. Badakit nahita aipatzen duela nire aurrean. Komunera altxatu naiz.

Ez dira guardia zibilak, militarrak edo gugandik hain urrun kokatzen ditugun izaki maltzurrak. Hementxe bertan, gugandik gertuen, dena delako harreman baten bukaera onartu nahi ez duten hiru gizon baino ez dira. Hiru emakumek hartutako erabakia errespetatu nahi ez, eta gidaliburu bereko jokamoldeak dituztenak. «Burua galdu» dutenez, emakume horien ingurua inbaditzen ari direnak.

Ez dakit ziur zenbat urte ote genituen lagun batek bere mutilarekin zuen harremana etetea erabaki eta mutilak kalean zehar jarraitzen ziolako bere etxera laguntzeko txandak egiten hasi ginenean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna